Balentziaga kaleko igogailuaren exekuzio proiektua idazteko lizitazioa kaleratu du Getariako Udalak

Intza Trula 2026ko uztailaren 22a

Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua. (Getariako Udala)

Igogailua eraikitzearen helburua da Herrerieta eta Balentziaga kaleen arteko irisgarritasuna hobetzea. Orotara, 41.745 eurokoa (BEZ barne) izango da lizitazioaren oinarrizko aurrekontua.

Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua eraiki nahi du Getariako Udalak, eta, hain justu, haren exekuzio proiektua idazteko lizitazioa kaleratu du. Helburua da aipatu bi kaleen arteko irisgarritasuna hobetzea. Udalak jakitera eman duenez, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 41.745 eurokoa (BEZ barne) izango da.

Kontratua prozedura ireki laburtuaren bidez esleituko dela azaldu du udalak. Ondoren, zerbitzua gauzatzeko epea lau hilabetekoa izango da: lehen hilabetean beharrezko azterketak eta proposamenaren egiaztapena egingo dituzte, eta ondorengo hiru hilabeteetan exekuzio proiektua eta gainerako dokumentazioa idatzi beharko dituzte.

Proiektuaren bidez, Euskaltxeta eraikinaren ondoko lotura bertikal berria diseinatuko dute, eta, horrela, gaur egun Herrerieta eta Balentziaga kaleen artean dagoen desnibelak sortzen dituen irisgarritasun arazoari konponbidea emango diote. Udalak ohartarazi du proiektuak indarrean dagoen irisgarritasun araudia bete beharko duela, eta ingurune urbanoan modu egokian integratuta geratu beharko duela. Horri lotuta, etorkizunean Euskaltxeta eraikina eraitsi eta zuzkidura etxebizitza gisa berreraikitzeko aurreikuspenarekin bateragarria izan beharko duela ere esan du. Hori horrela izan dadin, proiektuak, besteak beste, azterketa topografikoak, geoteknikoak, egiturazko kalkuluak, argiteriaren azterketa, urbanizazioaren berrantolaketa eta ukitutako azpiegituren egokitzapena jasoko ditu, betiere jasangarritasun eta energia aurrezpen irizpideak kontuan hartuta.

Exekuzio proiektu hau Getariako Udalak sustatutako irisgarritasuna hobetzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta 2024an KREANek idatzitako aurreproiektuan hautatutako 1.1 proposamena izango du abiapuntu. Ondorengo lotura honetan ikus daitezke kontratuari lotutako xehetasun guztiak. Behin exekuzio proiektua idatzita, udalak obraren lizitazioa prestatuko du, erakundearen esanetan, "herriguneko irisgarritasuna hobetzeko beste urrats garrantzitsu bat emanez".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide