Ur irekietako igeriketa gunea eraikitzeko lanak lizitaziora atera ditu Getariako Udalak

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 20a

Malkorbe hondartzako uretan egokituko dute igeriketa gunea. (Getariako Udala)

Itsasoan igeri egiteko azpiegitura seguru bat eraikiko du erakundeak Malkorbe hondartzan. Lanek bi fase izango dituzte, eta aurreneko faseko obrak atera ditu lizitatzera erakundeak: ur eremuko azpiegitura eraikiko dute lehenik. Bigarren fasea, Malkorbeko arkupeak egokitzekoa, aurrerago gauzatzea aurreikusten dute. Udalak zehaztu duenez, erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da proiektua.

Malkorbe hondatzan ur irekietako igeriketa gunea eraikitzeko zerbitzua lizitaziora atera du Getariako Udalak. Hain zuzen ere, itsasoan igeri egiteko azpiegitura seguru bat eraikiko du erakundeak, ur irekietako igeriketa sustatzeko xedez. Proiektua bi fasetan gauzatuko dute: aurrenekoan, ur eremuko azpiegitura eraikiko dute; bigarrengoan, berriz, Malkorbeko arkupeak egokitu. 

Lehen faseko lanak dira lizitatzera atera dituztenak, eta ur eremuko azpiegitura gauzatzeko 90.750 euro bideratuko ditu erakundeak. Zehatzago, balizamendu sistema eta flotatzen duen plataforma nautikoa jarriko dituzte, igerilarientzat ibilbide seguruak sortzeko nahiz igeriketa eskolak, teknifikazio saioak nahiz entrenamenduak egin ahal izateko. Horrez gain, erabiltzaileentzako seinaleztapena eta informazio elementuak ere jarriko dituzte, eta itsas ingurunea zaintzeko material jasangarriak lehenetsiko dituzte.

Lanok egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola departamenduaren laguntza jasoko du udalak. Proiektua erakundeen arteko elkarlanaren emaitza dela esan du Getariako Udalak; izan ere, egitasmoa gauzatzeko Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE), Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaitarako zuzendaritzaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du. 

Ur irekietako igeriketak azken urteetan "gorakada" izan duela eta Getariak horretan erreferente izateko baldintza ezin hobeak dituela esan du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak: "Proiektu honekin kirola, osasuna, aisialdia eta itsasoarekiko harremana uztartzen dituzten eskaintza berritzailea garatu nahi dugu". Halaber, Malkorbek ur irekietako igeriketa eta jarduera fisikoa sustatzeko aukera paregabea eskaintzen duela esan du Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, baita espazio naturalei balioa emateko ere. Ion Arozena UKUEko lehendakariak zehaztu duenez, 2025ean martxan jarritako proiektua "egia bihurtzeko bidean" da erakundeen arteko lankidetzari esker.

Bigarren fasea, aurrerago

Proiektuaren bigarren fasea aurrerago gauzatzea aurreikusten dute. Fase horretan Malkorbeko arkupeak egokituko dituzte aldagelak, dutxak, takilak, erabilera anitzeko gela eta komun publikoak jarriz. Gisa horretan ur irekietako igeriketarekin lotutako zerbitzu osagarriak eskaini nahi dituzte. Getariako Udalak lan horiek ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzekin finantzatzea aurreikusten du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide