Mikel Rodriguez futbol jokalariak (2002, Getaria) Gasteizko Deportivo Alaves taldean jokatuko du 2031. urtera arte. Orain arte, Realean aritu da Rodriguez; azken denboraldietan Sansen, eta azken sasoian, Espainiako Bigarren Mailan. Orain, baina, Alavesek akordioa lortu du Realarekin hura fitxatzeko, eta hala, Espainiako Lehen Mailako talde horretan arituko da datozen bost denboraldietan. Dena den, Realak Rodriguez berriro erosteko aukera gordeko duela jakinarazi du.
Joan den sasoian, 33 partida jokatu zituen getariarrak Reala B taldearekin, eta bi gol egin eta goleko bi pase eman zituen, taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat bilakatuz. Zubietako haztegian hasi eta hezi zen Rodriguez, eta aurrerantzean, talde babazorroan jokatuko du Quique Sanchez Flores entrenatzailearen aginduetara.
Realak eskerrak eman dizkio getariarrari klubean eman dituen sei urteotan erakutsi duen konpromisoagatik, dedikazioagatik eta profesionaltasunagatik. "Realak zorterik onena opa dio Mikelio bere etorkizun pertsonalean eta profesionalean", azaldu du.