Uda betean murgiltzearekin bat bisitatuko du aurten ere Getariako portua Mater ontzi museoak, herritarren kontzientziak astinduz ingurumena zaintzeko aurrerapausoak ematea helburu hartuta. Etzi, osteguna, iritsiko da Getariara, eta igandean bere bideari segiko dio. Bizkaiko hiriburuan hasi zuen ibilbidea uztailaren 2an, eta lurralde horretako kostaldea zeharkatu du, geldialdiak Portugaleten, Bermeon eta Ondarroan eginda, Gipuzkoan sartzeko: astelehenetik Mutrikun da ontzia, eta handik zuzenean iritsiko da Getariara. Eskualdeko beste herririk ez du bisitatuko; igandean Hondarribira joango da, eta hurrengo astean, Pasaiara.
Itsasontzi horren bitartez Zero Zabor Uretan kanpaina egiten ari dira, aurten zortzigarrenez, Hondakinik hoberena, sortzen ez dena lelo hartuta. Uztailean hasi eta amaituko da egitasmoa, eta ontzian bertan zein portuetan jarduera programazio zabala eskainiko dute, tokian tokiko eragile eta merkatariekin elkarlanean. Getarian, ohiko ekintzak egingo dituzte aurten ere: ontzi museora bisita gidatuak, itsas hondakinak eta mikroplastikoak biltzeko nabigazioak, itsasotik bildutako plastikoarekin sormen birziklatze tailerrak, eta itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera ontzian bertan, Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloarekin lankidetzan.
Lehorrean, berriz, "portu bakoitzean aurrez identifikatutako guneetan" hondakin bilketa egingo dute, baita Itsas Erraldoien Martxa eta Ni Itsas Zaindari kanpaina ere, "herri bakoitzeko ikastetxeetako txikienek sortutako mezuak tokiko merkataritzaren erakusleihoetara eramaten dituena". Itsas Zaindari Gunea ere jarriko dute; dinamikak eta itsas hondakinei buruzko erakusketa biltzen ditu. Saioak doakoak dira, eta erreserbak 619 81 42 25 zenbakian edo info@mater.eus helbide elektronikora idatzita egin behar dira.
Berrikuntza eta saria
Aurten lehen aldiz Zero Zabor Uretan Topaketak ospatuko dituzte, portu bakoitzean bat, "erakundeek, taldeek, administrazioek eta herritarrek itsas hondakinen murrizteari buruz ikasitakoa, erronkak eta irtenbideak partekatzeko gune ireki gisa pentsatuak". Helburu argia dute topaketek. Izn ere, "ontzi museoak nahi duena da geldialdi bakoitza sentsibilizazio puntu bat izateaz gain, jada funtzionatzen duten tokiko egitasmoek elkar ezagutzeko leku bat ere izatea".
Kanpainaren antolatzaileek azpimarratu dute beste puntu bat ere, hain zuzen, egitasmoak urtean zehar eskatzen duen lana herriz herri: "Uztailean zehar garatzen dena hilabete batzuk lehenago herri bakoitzean hasitako lanaren alderdi ikusgarria da: ikastetxeetan egindako sentsibilizazio hitzaldiak eta herri bakoitzeko haurrek itsaso osasuntsu baten aldeko mezuekin osatutako erakusketa ibiltariak". Lan horrek guztiak euskal kostaldetik harago errekonozimendua jaso duela ere nabarmedu dute: "Zero Zabor Uretan Europako hiru egitasmo onenen artean aukeratua izan da, 13.100 ekintza baino gehiagoren artean, European Week for Waste Reduction (EWWR) 2025 sarietan".
Egitaraua
Osteguna, uztailak 16
- 19:00-20:00. Itsas Erraldoien Martxa, Elkano enparantzan.
Ostirala, uztailak 17
- 11:00-14:00. Bisitak ontzi museora eta Itsas Zaindari gunea, portuan.
- 17:00-20:00. Bisitak ontzi museora eta Itsas Zaindari gunea, portuan.
- 17:00-19:00. Hondakin bilketa, Elkanoren monumentuan.
- 22:30-23:30. Zinema saioa eskainiko dute Mater ontziaren barruan.
Larunbata, uztailak 18
- 11:00-14:00. Bisitak ontzi museora eta Itsas Zaindari gunea, portuan.
- 17:00-20:00. Itsas Zaindari gunea, portuan.
- 17:30-19:00. Sormen birziklatze tailerra.
- 19:00-20:30. Zero Zabor Uretan topaketa.
Igandea, uztailak 19
12:00-16:00. Nabigazioa Hondarribira.