Material berrerabilgarriak oinarri hartuta, arte piezak sortzen dituzu. Maiatzean eta ekainean Kutxak, gorputzak eta altxorrak erakusketa irekita izan duzu Tolosako (Gipuzkoa) Topic museoan, baina arterako zure abilezia aspalditik dator, ezta?
Gure familian betidanik egin den zerbait da behar ez dugun edota zaborrontzira joan daitekeen materialak berrerabiltzea eta hortik zerbait sortzea. Umea nintzenean, paper bat eta bolaluma bat eman beharrean, kaxa bat ematen zidaten, irudimena erabil nezan pieza bat eratzeko. Txikitatik ikusi ditut nire gurasoak hori egiten, eta, beraz, natural atera zaidan zerbait izan da; hau da, ez naiz helduaroan hasi sorkuntza mota honekin.
Zaborra izan daitekeen horrek bigarren bizitza bat izan dezakeela erakusten duzu zure lanarekin. Guzti-guztia bihur al daiteke arte?
Nire ustez, bai, dena izan daiteke artea, imajinazioa erabilita. Nire azken erakusketa Topic museoan egon den denboran, haurrekin tailerrak egin dituzte bertan, eta parte hartu duten haurrek berretsi egin dute nire teoria: pieza ikusgarriak egin dituzte ia ezerezetik abiatuta, irudimena eta gogoa jarrita. Gainera, oso interesgarria da ikustea pieza bera nola transformatzen den era batera edo bestera, hura lantzen duen pertsonaren arabera.
Material berrerabilgarriek ez ezik, naturarekin lotura duten beste hainbat elementuk osatzen dituzte zure piezak; esaterako, harritxoak erabiltzen dituzu. Zer-nolako lotura duzu naturarekin?
Arnasa hartzeko airea bezainbeste behar dut natura. Egunero, momenturen batean, naturarekin kontaktua eduki behar dut. Adibidez, mendian ibiltzeak pila bat inspiratzen nau, eta, horrez gain, gehien erlaxatzen nauen espazioa da. Urteak daramatzat Villabonan [Gipuzkoa] bizitzen, hemen dena da basoa eta berdea, eta niretzat dena da hori.
Zein dira gehien erabiltzen dituzun materialak?
Esaterako, egurrarekin, zeramikarekin eta eskaiolarekin sortzen ditut piezak. Hala eta guztiz ere, aurkitzen dudan guztiari bigarren erabilpen bat ematen saiatzen naiz.
Koloreari ere garrantzi handia ematen diozu. Zertarako aukera ematen dizu?
Kontraesankorra izango da, agian, baina ni beti beltzez janzten naiz, nahiz eta nire lanak erabat koloretsuak diren. Lanari dagokionean, ez zaizkit ez minimalismoa, ez sinpletasuna gustatzen.
Askotan, zure erakusketetako protagonista nagusiak eskultura handiak dira, baina hiru dimentsiotako kaxak ere egiten dituzu. Zer gordetzen dute kaxa horiek?
Koadro surrealista modura deskribatzen ditut, eta mundu txikiak dirudite. Xehetasun ugari izan ohi dituzte, eta, ondorioz, denbora asko eskaini behar izaten diet. Ez dira aurretik pentsatutako lanak, inprobisatuak baizik. Denbora bat igaro ondoren, perspektiba hartu eta berriz begiratzen ditudanean, ikusten dut kaxa bakoitzak zerbait ezberdina helarazten duela. Badira kaxa batzuk garai tristeago bat irudikatzen dutenak, eta beste batzuek gertatu zaidan zerbaiten inguruan hitz egiten dute.
Kaxak egiteko inprobisazioa lantzen duzu. Beste piezekin ere berdin jokatzen al duzu?
Esango nuke, oro har, inprobisazioa dela nire pieza guztien oinarria. Ez dut aurretik proiektu bat idazten; barruak eskatzen didana egiten hasten naiz, zerbait eraiki arte.
Lanak hasiera batean pentsatu gabeak badira ere, izango duzu inspirazio iturri zaizun artistarik, ezta?
Gustatzen zaizkidan artista asko daude: urrutira joan gabe, nire osaba pintorea zen, Vicente Ameztoi, eta bera izan da nire erreferenteetako bat. Beraz gain, irakasle izan nuen Rosa Valverderen lanak ere asko gustatzen zaizkit, baita duela gutxi ezagutu nuen Koldobika Jauregirenak ere. Halaber, artista klasikoak ere atsegin ditut.
Artea sortzeaz harago, zer helburu dute zure lanek?
Berrerabilpena sustatzeaz aparte, erakutsi nahi dut artea edonork egin dezakeela, berdin diola klase sozial batekoa edo bestekoa izatea. Hau da, iraganean artea gehiago lotzen zen eliteko jendearekin, baina gaur egun, edonork egin dezake, eskura ditugun gauzekin, eta hori erakutsi nahi dut. Era berean, ematen du aberatsek soilik eros dezaketela artea, baina ez da horrela.
