Auspoa Ekoizle Gazteak programak hamar proiektu hautatu ditu, eta horietatik hiru Getariakoak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean bultzatzen dute programa, eta haren xedea da lurraldeko ekoizle gazteei laguntza ematea diagnostiko, aholkularitza eta euskal ekosistema gastronomikoarekin konektatzeko prozesu baten bidez. Hain justu, aukeratutako proiektuen artean daude Getariako Txakolina, Ondu Ahuakateak eta Gañeta Txakolina.
Lehenengo edizioa du Auspoa Ekoizle Gazteak programak, eta lehen sektorea begirada gastronomiko batetik indartzeko sortu da. Ekimenak lurraldearen, produktuaren eta gastronomiaren arteko lotura sendotu nahi du, belaunaldien erreleboari eta nekazaritzako elikagaien eredu sendoago, jasangarriago eta sektorearekin konektatuago dagoen eraikuntzari ekarpena eginez.
Aldundiaren esanetan, lehen edizio honetan hautatutako proiektuek Gipuzkoako lehen sektorearen eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren aniztasuna ordezkatzen dute. Horien artean daude abeltzaintzari, txakolinari, sagardoari, ekoizpen ekologikoari, frutari, haragiari edo ahuakateari lotutako ekimenak.
Hurrengo pausoak
Programan parte hartzeko hautatu dituzten proiektuek lan-ibilbide bati ekingo diote orain. Hain justu, ibilbide hori lehen bilera batekin hasi dute jada. Prozesuaren abiapuntua proiektu bakoitzaren diagnostiko indibidualizatua izango da, horrela, haien errealitatea hobeto ezagutzeko, behar zehatzak identifikatzeko eta kasu bakoitzera egokitutako laguntza ibilbidea definitzeko aukera izango baitute.
Lan eremu nagusiak komunikazioa eta markaren posizionamendua, produktuaren kalitatea eta bikaintasuna, eta berrikuntza eta garapena izango dira. Behar horietatik abiatuta, datozen hilabeteetan lan-saioak eta aholkularitza espezializatua egingo dituzte.
Prozesua amaitzean, proiektu bakoitzarekin egindako ibilbidearen ebaluazioa egingo dute, aurrerapenak, ikaskuntzak eta jarraipenerako bide posibleak identifikatu ahal izateko.