Salbatoreetako Pilota Txapelketako bigarren jardunaldiko irabazleak, erabakita

Intza Trula 2026ko uztailaren 3a

Salbatoreetako Pilota Txapelketaren barruko neurketa bat, atzo, herriko frontoian. (Utzitakoa)

Eguraldia lagun zutela, herriko frontoian jokatu zituzten atzo arratsaldean neurketak. Eizagirre-Madariaga, Baleztena-Beroz eta Aranbarri-E.Galarza bikoteak nagusitu ziren jardunaldian.

Martxa onean jarraitzen du Salbatoreetako Esku Pilota Txapelketak. Asteazkenean jokatu zituzten txapelketari hasiera emateko lehen partidak, eta atzo izan zen bigarren jardunaldia. Eguraldi ona egin zuenez, herriko frontoian jokatu ahal izan zituzten neurketak.

Kadeteen kategoriako partidarekin abiatu zuten arratsaldea. Bertan, Eizagirrek eta Madariagak 22-3 hartu zituzten mendean Mantzizidor eta Izagirre. Bigarren partidan, jubeniletan, Baleztenak eta Berozek 22-15 irabazi zieten Etxaberi eta Artolari. Hirugarren eta azken partida 23 urtez azpiko pilotariena izan zen. Aranbarrik eta E.Galarzak irabazi zuten neurketa, Bidezabal eta Garaño mendean hartuta. 22-6ko markagailuarekin amaitu zen partida.

Datorren hitzordua uztailaren 6an, 17:30ean, dute pilotariek. Jardunaldi horretan lau partida jokatuko dituzte: kadeteetan, Landa-Estensoro bikoteak Clavijo-Illarramendi bikotea izango du aurrean. Jubeniletan, Perurena-Alvarez bikoak Gaztañaga-Cestau bikoaren aurka neurtuko dituzte indarrak lehen partidan, eta jarraian Etxaniz-Elola Bidezabal-Errasti partida ikusi ahal izango da. Azkenik, 23urtez azpikoetan, Iraeta-Goiburu bikoteak Ibarra-E.Gorostidi bikotearen aurka jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide