Karabela portugesak agertu dira gaur Gaztetape hondartzan, eta tamaina txikikoak izan arren, zenbait ziztada egon direla jakinarazi du Gurutze Gorriak. Ondorioz, bandera gorria jarri dute Getariako hondartzan, eta bainua debekatu dute.
Karabela portugesen begiztatzea eta ziztadak badaude, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehaztutako protokoloa jarraitu behar izaten dute hondartzetako sorosleek. Karabelak ikusten badituzte, bandera horia eta marmoken logotipoaren bandera igo behar izaten dute sorosleek, baita megafonia bidezko mezua igorri ere. Aldiz, bainu eremuan karabelen bi ziztada izaten badira, eta hamar begiztapen edo gehiago badaude, bandera gorria igoko dute marmoken banderarekin batera, baita bainua debekatu ere.