Hilabete baino zertxobait gehiago falta da Salbatore jaiak heltzeko, eta Getariako Udala dagoeneko hasi da egitarauaren inguruko xehetasunak ematen. Abuztuaren 5etik 9ra bitartean izango dira jaiak, eta tartean Batel Estropada Herrikoia jokatuko dute. Hain zuzen, estropadan izena emateko epea zabaldu duela jakitera eman du udalak.
Abuztuaren 8an jokatuko dute estropada, festen azken-aurreko egunean. Udalak gogorarazi duenez, parte hartzeko beharrezkoa izango da 12 urtetik gora izatea. Hori hala izanik, interesa dutenek izena eman ahal izango dute 31 arte. Turismo Bulegora jo beharko da inskripzioa egiteko.
Hitzordu horrez aparte, beste hainbat jarduera antolatu dituzte jaietarako, eta horietarako izen emateak ere aurki zabalduko dituzte. Esaterako, Gaztetxoen Arteko II. Izozki Tailerra egingo dute abuztuaren 5ean, eta bertan izena eman nahi dutenek uztailaren 20etik 28ra izango dute aukera, Turismo Bulegoan. Baita ere, egun horietan eman beharko dute izena Gazteen Arteko XII. Patata Tortilla Txapelketan parte hartu nahi dutenek. Abuztuaren 8an jokatuko dute azken hau Abuztuaren 9an, berriz, XXVII. Marmitako Txapelketa egingo dute, eta bertan inskripzioa egiteko aukera uztailaren 14tik 22ra –13:00 arte– egongo da zabalik, udaletxean.