Getariako Udalak kudeaketa ekonomikoko erdi mailako teknikari postua betetzeko lan eskaintza argitaratu du. Erakundeak jakitera eman duenez, aldi baterako kontratua izango da, bederatzi hilabete ingurukoa, amatasun baimen bat ordezkatzeko izango baita.
Lanposturako hautatua izaten den pertsonak udalaren eguneroko kudeaketa ekonomikoan funtsezko eginkizunak izango ditu. Besteak beste, nominak prestatzea, Gizarte Segurantzarekin lotutako izapideak egitea, fakturen ordainketa eta kontabilizazioa, aurrekontuen exekuzioaren jarraipena, fakturazioa, banku kontziliazioak, zerga betebeharrak, diru laguntzen justifikazioa, eta diru bilketarekin lotutako lanak egin beharko ditu.
Lanpostuak 3.722,64 euroko hileko soldata gordina izango du, eta bete beharreko ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da. Dena den, ordutegi hori malgutasunarekin eta Udalhitz hitzarmenak ezarritako ordutegi eta egutegia betez egingo dela esan du udalak.
Lanposturako baldintzak
Hori horrela, lanpostura aurkeztu nahi duten hautagaiek Ekonomia, Zuzenbidea, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza edo arlo ekonomikoarekin lotutako baliokideak diren unibertsitate graduren bat izan beharko dute. Horrez gain, euskarako C2 ziurtagiria duten pertsonek lehentasuna izango dute zerrendan; hala eta guztiz ere, udalak jakinarazi du titulazio hori duten hautagaiekin lanpostua bete ezin bada, C1 mailako hautagaiak ere kontuan hartuko dituztela.
Ikasketez gainera, kontuan hartuko da hautagaiaren aurretiazko esperientzia: esaterako, Gizarte Segurantzako kudeaketan izandako esperientzia, nominak prestatzen izandakoa, SAREKO sistemarekin egindako lana, eta lanpostuaren gainerako eginkizunetan metatutako esperientzia.
Hala, lanpostuan izena emateko epea ekainaren 26an amaituko da, eta horretarako aukera ondorengo lotura honetan aurki daiteke. Getariako Udalak baldintzak betetzen dituzten herritarrei dei egin die lan eskaintzan parte har dezaten.