Getariako Arraun Elkarteak bost Kontxako Bandera poltsikoratu ditu bere historian zehar, baina, tamalez, horietatik guztietatik bakarra du gordeta: 1911. urtean irabazitakoa. Urte asko igaro dira Getariak bandera hura astindu zuenetik, eta, ondorioz, nahiko kaltetuta eta zaharkituta zegoen bandera. Horren aurrean, Getariako Udalak zein arraun elkarteak bandera eraberritzeko erabakia hartu zuten. Hain zuzen, Eva Gonzalezek izan du konponketa hori egiteko ardura, eta etzi, larunbatez, aurkeztuko du jendaurrean. 12:00etan izango da aurkezpena, udaletxeko pleno aretoan.
Udalak kontatu duen moduan, zaharberritzearen helburua banderaren egoera hobetzeaz gain, "etorkizunerako kontserbazioa bermatzea" izan da. "Asmoa ez da soilik objektu historiko bat zaintzea, baizik eta Getariako arraunaren historiaren eta herriaren ondarearen parte den lekukotasun baliotsu bat babestea", gehitu du erakundeak.
Halaber, arraunaren bueltako hitzordu gehiago ere izango dira asteburu honetan Getarian. Izan ere, igandean aurkeztuko du Getariako Arraun Elkarteak denboraldi honetako trainerua. 12:30ean jarri dute hitzordua, frontoian. Hain zuzen ere, hilaren 27an ekingo dio etxeko traineruak Eusko Label ligari.