Jon eta Julia Galarragak osatutako bikotea txapeldun, Nerea eta Andoniren Omenezko Pala Txapelketan

Intza Trula 2026ko ekainaren 16a

Larunbateko Nerea eta Andoniren Oroimenezko Pala Txapelketako irudi bat. (Artzape aldizkaria)

Hamabi bikote lehiatu ziren pasa den larunbatean Nerea eta Andoniren Omenezko V. Pala Txapelketan. Jon eta Julia Galarrak Oier Iribar eta Edurne Irigoien hartu zituzten mendean finalean. Antolatzaileak "oso gustura" daude azken edizio honekin, eta azpimarratu dute "zoragarri" atera zela guztia.

Jon eta Julia Galarraga nagusitu ziren Nerea eta Andoniren Omenezko V. Pala Txapelketan, Oier Iribarren eta Edurne Irigoienen aurkako finala irabazita. Getariako pilotalekuan jokatu zuten txapelketa pasa den larunbatean, eta, guztira, hamabi bikotek jokatu zuten kanporaketa bidezko txapelketa. Eguraldia lagun, herritar ugari bildu zen harmailetan neurketak bertatik bertara jarraitzeko eta bikote faboritoa animatzeko helburuarekin.

Antolakuntzako kideak "oso gustura" daude azken edizio honekin, eta azpimarratu dute "zoragarri" atera zela guztia. Urtero bezala, "une hunkigarriak" bizi izan zituzten Nerea eta Andoni zirenen familiako kideekin batera. Izan ere, horixe zen hitzorduaren helburua: 2021ean zendu ziren bi lagunak gogora ekartzea, eta haiei omenaldia egitea.

Txapelketari dagokionez, urtetik urtera "maila altuagoa" dagoela aitortu dute antolatzaileek, eta kontatu dute larunbateko partida asko "emozioz beteak" izan zirela. Hala, datorren urtean seigarren edizioa antolatzeko nahia eta asmoa erakutsi dute.

Eguna sari banaketa ekitaldiarekin eta Nerea eta Andoniren familiako kideei aitortza eginez amaitu zuten. Lore sorta bana jaso zuten aipatu bi familiek. Gainera, bertaratu ziren parte hartzaile zein ikusle ororentzat hamaiketakoa ere eskaini zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide