Proba pilotua gaindituta, hegalaburra modu industrialean gizendu nahi dute Getariako instalazioan

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 16a

Hegalaburrak gizentzeko instalazioa, Getariatik metro gutxira. (Azti)

Hegalaburrak gizentzeko Getariako instalazioan maila industrialean lan egin ahal izateko egokitzapenak egingo dituzte Balfegó & Balfegó enpresak eta Aztik. 80 alerekin egin zuten proba pilotua, eta etorkizunean 1.500 hegalabur gizentzera iritsi nahi dute.

Hegalaburra gizentzeko Getariako uretan kokatutako instalazioak etorkizunean maila industrialean funtzionatu dezan beharrezkoak diren garapenak gauzatuko ditu planta ustiatzen duen Itsas Balfegó taldeak.

2025eko kanpainan jarri zuten martxan hegaluzeak Kantauri itsasoan gizentzeko proba pilotua Balfegó & Balfegó Kataluniako enpresak eta Aztik osatutzen duten Itsas Balfegó proiektuak. Esperimentazio fase horretan, Gipuzkoako kostaldetik 48 kilometrora harrapatutako 80 ale gizendu zituzten, eta egitasmoaren arrakasta ziurtatu zuten, "jarduera hori etorkizunean Kantauri itsasoan garatzeko oinarriak ezartzeraino", Aztik azaldu duenez.

"Frogatu dugu hegalaburra Kantauri itsasoan gizentzea posible dela. Orain erronka da hori guztia eskala handiagoan egitea, bideragarritasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna bermatuta. Horregatik, 2026a oinarri horiek sendotzeko urtea da", adierazi du Juan Jose Navarro Itsas Balfegóko zuzendaritzako kideak. Hortaz, Getariako instalazioan industria-mailako ekoizpena ahalbidetuko duten baldintzak prestatuko dituzte aurten.

Hala ere, bolumen handiko kanpaina martxan jarri aurretik, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren baimen iraunkorrak lortu behar ditu Itsas Balfegók. «Ez dugu urte baterako proiektu bat nahi, hamarkadetan iraungo duen bat baizik. Horrek oinarri juridiko sendoak eskatzen ditu, eta horretan ari gara administrazio guztiekin lanean», adierazi du Navarrok.

Aztik zehaztu duenez, Itsas Balfegó proiektuak hiru erronka nagusi ditu une honetan: "Gizentzera bideratuko diren hegalabur-taldeak zehaztasunez lokalizatzea, eskala handiko operazioetarako profesional espezializatuak prestatzea eta jarduerari egonkortasuna emango dion arau-esparru sendoa eratzea".

Pertsona bat, Itsas Balfegóren plantan lanean. (Azti)

1.500 hegalabur

Proiektuaren arduradunek aurreikusten dute ehun kilotik gorako 1.500 hegalabur ekoiztu ditzaketeela Getariatik metro gutxira dagoen instalazioan. Aintzat hartuta orain arte 80 alerekin lan egin dutela, hainbat aldaketa egin beharko dituzte plantan. "Beharrezkoa izango da gizentze instalazioetan gaitasun handiko urpekari taldeak izatea. Hegalabur biziak harrapatzeko, atoian eramateko eta kaiolen artean lekualdatzeko maniobrak teknikoki konplexuak dira, eta prestakuntza espezifikoa eskatzen dute, bai laneko segurtasunagatik baita animalien ongizateagatik ere", azaldu du Aztik.

Horretarako, argitu duenez, Itsas Balfegóko etorkizuneko urpekariak gaur egun Balfegók Mediterraneoan dituen instalazioetan ari dira prestatzen.

Lehiarik ez

Aztik nabarmendu duenez, Itsas Balfegó proiektuari esker, EAEri esleitutako hegalaburraren arrantza kuota aprobetxa daiteke. Horrez gain, euskal kostaldean kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duela ziurtatu du, eta "lurraldeko goi-mailako gastronomia kalitate goreneko hegalaburraz" hornitzea du helburu.

"Gainera, jarduera pixkanaka handitzeak baliabidearen kudeaketa jasangarria errazten du, harrapaketa eraginkorragoa ahalbidetzen du eta aleen ongizatea bermatzen laguntzen du gizentze-prozesu osoan zehar", gaineratu du.

Aztik argitu nahi izan du Itas Balfegó proiektuak ez duela eraginik ohiko arrantzaren eremuetan eta kuotetan, aitzitik, nabarmendu du Getariako planta arrantza tradizionalarekin lehiatu gabe eskaintza dibertsifikatzen duen jarduera osagarri gisa planteatzen dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide