Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondartzak Denontzat ekimena jarri du martxan beste urte batez, desgaitasuna, mendekotasuna edo mugikortasun urritua duten pertsonek Gipuzkoako itsasoaz eta hondartzez "segurtasunez, autonomiaz eta ongizatez" gozatzeko aukera izan dezaten.
Gurutze Gorriarekin elkarlanean garatutako programaren bidez, bainu egokituko zerbitzua eskainiko dute Getariako Malkorbe hondartzan. Programak, hain justu, lagundutako bainu zerbitzu integrala eskaintzen die mendekotasun, desgaitasun edo mugikortasun urriko egoeraren ondorioz uretan sartzeko laguntza behar duten adin guztietako pertsonei.
Zerbitzua emateko laguntza Gurutze Gorriko profesional espezializatuek eskaintzen dute, horretarako berariaz prestatuta eta laguntza tekniko egokituak erabiltzeko gaituta. Zerbitzua ekainaren 13tik irailaren 13ra egongo da martxan, asteko egun guztietan, 11:00etatik 19:00etara. Gainera, Getariako hondartzak azpiegitura irisgarriak ditu, hala nola aldagela, komun eta dutxa egokituak, itxaroteko itzal guneak, aulki anfibioak eta itsasorako sarbide segurua bermatzen duten bestelako laguntza teknikoak.