'Oroimena' eskultura inauguratu dute Artzapeko petrilean

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 12a

Itsasoarekin eta arrantzarekin lotura zuzena duen Oroimena izeneko eskultura inauguratu dute Getariako Artzapeko petrilean. Herritarrek eta bisitariek petril horretako historia ezagutu dezaten sortu dute artelana. Santos Bregaña izan da lanaren egilea.

Getariako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean Oroimena izeneko eskultura jarri du Artzapeko petrilean. Lanak herriaren nortasunari eta itsasoarekin duen loturari egiten dio erreferentzia. Santos Bregaña izan da artelanaren egilea. Gaur goizean egin dute artelanaren inaugurazioa, eta Haritz Alberdi Getariako alkatea, Santos Bregaña eskulturaren egilea, Idoia Ortubia Eusko Jaurlaritzako herrilanetako arduraduna eta Justo Silbeti herritar eta arrantzale ohia izan dira bertan.

Alberdik adierazi duenez, oso leku garrantzitsua da Artzapeko petrila getariarrentzat. Izan ere, duela zenbait urte arrantzale ugari biltzen zen bertan, poltsikoan eramaten zituzten labanak zorrozteko. "Oso leku erabilgarria ez ezik, topagune moduko bat zen Artzapeko petrila, bertan harreman eta elkarrizketa ugari sortzen baitzen", nabarmendu du Alberdik. Petrila berritu zenean, ordea, istorio guzti horiek "galdu" egin ziren eta, hori ikusita, Oroimena artelana sortzea erabaki dute, "herritarrek eta bisitariek Artzapeko petrileko historia ezagutu dezaten".

Bregañarentzat, eskulturaren oinarrian kostako herri askotan gertatu ohi zen egoera bat dago: arrantzale bat, itsasoari eta honen egoerari begira, poltsikoan erabili ohi duen labana zorrozten duen bitartean. Eskulturaren egileak azaldu duenez, lana hiru zatiz osatuta dago. Batetik, petrilaren higadura. "Petrilak daukan higadura ez da nolanahikoa. Binilozko diska moduko bat dauka higadurak, eta bertan Tomas Garbizu lezotarraren Getaria melodia aurkitzen da", argitu du Bregañak. Bestetik, Jon Maia bertsolari zumaiarrak sorturiko esaldi bat dago: Harriak mintzo dira gutaz, itsasoak zorroztutako herriaz. "Esaldia Jose Francisco Iturzaeta getariarraren tipografiarekin idatzita dago. Gure ustez, Iturzaetaren tipografia ederrenetako bat aukeratu dugu, itsasoan oinarritutako tipografia bat. Hiru dimentsiotan jarri dugu eta uste dut Getaria bezalako herri baterako guztiz aproposa dela". Azkenik, brontzezko piezak ikus daitezke. "Piezen bertuterik onena haien anbiguotasuna da. Baleen ornoz, itsasontzien sokez eta arrantzaleen figurez osatuta dago eskultura, eta bisitarien interpretazio librea du helburu", azpimarratu du artelanaren egileak.

Silbetik, berriz, bere bizipenekin osatu du artelanaren inaugurazioa. 7 urte zituela hasi zen itsasora ateratzen, aitarekin eta osabarekin. 11 urte zituela, berriz, bakarrik itsasoratzen hasi zen, txalupan. "Artzapeko petrilera etortzen ginen, goizeko 2:00etan. Hemendik itsasoko eguraldia begiratzen genuen, labanak zorrozten genituen bitartean. Eguraldi txarra ikusten bagenuen, denak etxera itzultzen ginen; bestela, txalupak hartu eta itsasora joaten ginen. 40 bat lagun egoten ginen hemen, labanak zorroztu eta zorroztu. Horiek dira hemengo ohiturak", azaldu du Silbetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide