Getariako Udalak 2023an abiatu zituen sormen egonaldiak idazleentzat, horiek Getariako ostatuetan astebetez beren sormen lanak egin ahal izateko, eta Olatz Mitxelena idazle oiartzuarrak 2024an parte hartu zuen egitasmoan. Egonaldi hartan mamitutako lana da Etxe arrotz hau liburua, eta hori aurkeztera bueltatuko da Getariara.
Bihar, asteazkena, 19:00etan eskainiko du solasaldia Zarautz jauregian, eta herritar guztiei irekitako saioa izango da.
Mitxelenak Susa argitaletxearekin argitaratu du liburua. Hamar ipuinek osatzen dute, eta "etxetasunaren, arroztasunaren eta eguneroko bizitzan dardarka geratzen diren galderen inguruko unibertso iradokitzailea osatu du bertan".