Getariako Udalak dagoeneko martxan jarri du Sahatsagako estalpeko skatepark berria, nahitaezko azken inspekzioa gainditu ondoren. Ekipamendua lau moduluz osatuta dago, eta mugitzeko aukera ere izango du, izan ere, estalpea "erabilera eta behar desberdinei erantzuteko pentsatutako espazio polibalentea" dela zehaztu dute. Instalazioak 37.529,36 euroko kostua izan du, BEZa barne. Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, "helburua da herritarrek, eta bereziki gazteek, kirola egiteko eta elkarrekin egoteko aukera berriak izatea, espazio estali, seguru eta erabilgarri batean".
Udal arkitektoak eta obra zuzendaritzako arkitektoak pasa den astearteko Batzorde Informatiboan zehaztu zutenez, obraren amaiera 798.995,09 eurorekin itxi da, BEZa barne. Gainera, lanak oro har "ondo" joan direla kontatu zuten, eta prozesuan zehar "hainbat hobekuntza" ere sartu direla, "espazioaren erabilera eta segurtasuna indartzeko", hain justu. Hobekuntzen artean, besteak beste, "antislip" gehigarria daraman polimeroa aplikatu dute zoruan, mantentze lanetarako ibilgailuen sarrera ahalbidetzeko eta zorua irristagaitza izateko. Egindako penduluaren probak, gainera, erakutsi du zoruak indarrean dagoen araudia "erraz" betetzen duela.
Segurtasunari ere erreparatu diote. Horretarako, estalpeko hanketako torlojuak babesteko 3Dn "espresuki" fabrikatutako piezak jarri dituzte, eta argiteriaren heldulekuak ere indartu dira, "erabilera desegokiak saihesteko". Era berean, teknikariek azaldu dute estalpeak dagokion araudia betetzen duela. Halaber, gogorarazi dute estalpeari lehen irekiera apirilaren 14an eman zitzaiola, eta ordutik bukatzeke zeuden hainbat lan egin direla. Besteak beste, argiteriari alta eman eta martxan jarri dute —ordutegi jakin bat izango du—, eta pare bat aulki ere ezarri dituzte. Azkenik, udalak herritarrei eskatu die "ingurua zaintzeko eta arduraz erabiltzeko, guztion espazioa baita".