Getariako Udalak jakitera eman duenez, Sahatsaga kiroldegi kanpoan eraikitako estalpe berria dagoeneko herritarren eskura dago. Joan den irailean hasi zituzten obrak, eta azken hilabeteetan egindako lanen ondoren, erabilera anitzetarako gune estali publiko eta ireki berria prest dago jada. Lanen inbertsioa 756.250 eurokoa izan da (BEZ barne), eta estalpea egiteaz gain, kantxa osoa ere eraberritu dute. Esku-hartze horri esker, espazioa "egokitu eta hobetu" egin dute, eta hainbat kirol praktikatzeko "aukera berriak ireki" dira.
Azpiegiturak, gainera, herriko hainbat beharri erantzuteko balioko du, eta bereziki, kirol, hezkuntza eta aisialdiko erabilerak erosoago garatzeko aukera emango du, eguraldi baldintzak alde batera utzita. Ekaitz Esteban Kirol zinegotziaren hitzetan, "pozik gaude herriarentzat hain garrantzitsua den espazio hau erabilgarri jartzeaz. Estalpea ez ezik, kantxa osoa berritu dugu, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu kirola egiteko, elkartzeko eta espazioaz urte osoan gozatzeko”.
Era berean, jakinarazi dute datozen egunetan espazio horretan skateparka ezarriko dutela, baita falta diren azken lan txikiak amaitu ere. Halaber, udalak eskerrak eman dizkie herritarrei ere, pintaketa lanak zirela eta, obretan ari zen espaziora ez sartzeko egindako eskaera "oso ondo errespetatu" dutelako.
Amaitzeko, estalpea eta egindako hobekuntzak "herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta herriko ekipamendu publikoak indartzeko beste urrats garrantzitsu bat" direla esan du udalak.