Larunbatean, maiatzaren 23an, egingo dute Getariako Triatloiaren hamargarren edizioa, eta aurtengoa ibilbide aldaketarekin eta emakumezkoen parte hartzearen igoerarekin dator. Atzo arratsaldean agerraldia egin zuten Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Jon Peña Getaitri triatloi taldeko lehendakariak aurtengo aldiaren nondik norakoak kontatzeko.
"Hamargarren edizioak ondo merezitako aurkezpen bat" behar zuela esanez hasi zuen agerraldia Peñak, "Getaitri triatloi klubean egon diren partaide guztiek egin duten lanaren fruitua delako" hamar urteko ibilbidea. Aurtengo edizioan 379 kirolarik parte hartuko dute, "gutxigatik ez da bete kupoa". Peñak adierazi zuen "parte hartzea jaitsi" egin dela, "soilik federatuek parte hartu dezaketelako eta batzuek epez kanpo eman dutelako izena". Parte hartzaileen %29 emakumezkoak izango dira, guztira 110, eta "datu oso garrantzitsua" da hori harentzat. "Emakumeen begirada ezinbestekoa" dela eta "fokua emakumeak triatloira erakartzean" jarri dutela adierazi zuen alkateak, parekidetasunaren garrantzia nabarmenduz.
Sariak edizio honetako bi babesle nagusiek banatuko dituzte: Txomin Etxanizek eta Nardinek. Lehenengo saridunak Nardinen mallota jasoko du, eta Txomin Etxanizen mallota, aldiz, Garateko igoeran denbora azkarrena egiten duenarentzat izango da. Gainontzeko babesleei eta zozketan parte hartu duten erakundeei ere eskerrak emateko tartea hartu zuten antolatzaileek, horiek banan-banan aipatuz.
Ibilbide aldaketa
Ibilbideari aldaketa txiki bat egin diote aurten, eta hori antolakuntzaren aldetik "desafio handia" izan dela nabarmendu zuen Peñak, "bizikletak Gaztetapeko irteeratik atera beharrean, Kale Nagusitik igoko direlako". Getariako Triatloia esprint distantziako triatloia da; horrelako triatloiak oso leherkorrak izan ohi dira, eta hori indartu nahi izan dute ibilbidea aldatuz. Ikusleen babesarekin eta animoekin kirolariak Kale Nagusitik arin-arin igoko direla espero dute antolatzaileek.
Partaideek Artzapen egingo dute igeri, Malkorben kantina aldetik aterako dira, Gurutze Gorritik boxetara joango dira eta han bizikleta hartuko dute; gero, zuzenean Artzapeko aldapatik igoko dira Kale Nagusira. Ondoren, errepide nagusira irtengo dira, eta hortik aurrera ohiko ibilbidea jarraituko dute. Egunean zehar errepide mozketak izango dira, eta herritarrei barkamena eskatu diete horregatik.
Boluntarioen lana
Getariako alkateak adierazi zuen "boluntarioen ekarpena ezinbestekoa" dela herrian ekintzak antolatzeko; ekarpen hori gabe Getariako festak ezin direla aurrera atera esan zuen, baina ezta Getariako Triatloia ere. Aurten 150 boluntariok parte hartuko dute triatloia posible izan dadin, eta lan handia egingo dute. Peñak ere herritarren lana eskertu zuen: "Herritarrek egiten dute txingurri lan hori, eta beraiek gabe ezingo zen ezer egin". Alberdiren iritziz, "belaunaldien arteko lotura eta transmisioa" triatloian ere gertatu da, eta hori mantentzea "ezinbestekoa" da. Era berean, eskualdeko triatloi taldeak elkarren artean laguntzen direla eta laguntza hori beraientzat "oso garrantzitsua eta baliagarria" dela azpimarratu zuen Peñak.
Triatloian parte hartu ezinda geratu diren kirolariei "sentitzen dutela" adierazi zieten antolatzaileek, "azken astean batzuei baietz eta besteei ezetz esaten" ezin direla hasi azalduz. Antolakuntzari dagokionez, "lan handia" izan dutela nabarmendu zuten, eta, beraz, beharrezkoa dela epe muga errespetatzea.
Triatloiaren ondoren parrillada izango da, eta babesleek hainbat sari banatuko dituzte. Musikarik ere ez da faltako, eta eguraldiak laguntzen badu, festa ziurtatuta izango da. Alberdik eta Peñak "jarrera jatorrean Getaria ezagutzera" gonbidatu dituzte herritarrak.