Bosgarrenez jokatuko dute Nerea eta Andoniren Oroimenezkoa pala txapelketa mistoa

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 11

Iazko txapelketako partaideak eta jardunaldira bertaratutako herritarrak, taldeko argazkian. (Utzitakoa)

Ekainaren 13an, larunbatarekin, izango da hitzordua. Izena emateko epea zabalik dago, eta ohi bezala, gehienez hamasei bikotek parte hartu ahalko dute. Lehiaketak aurreko urteetako ezaugarri berak izango ditu. 

2022. urtean hasitako bideari jarraiki, aurten Nerea eta Andoniren V. Oroimenezkoa pala txapelketa mistoa antolatu dute Getarian Nerea Iribar eta Andoni Galarragaren lagunek. Bi getariar gazteak 2021en zendu ziren, eta haiek oroitzen jarraituko dute lagunek eta ezagunek frontoian palak astinduta. 

Txapelketa ekainaren 13an izango da, larunbatarekin, 09:30ean hasita herriko frontoian, eta gehienez hamasei bikotek parte hartu ahalko dute. Izena emateko epea zabalik dago, eta interesa duenak mezua bidali beharko du palamemoriala@gmail.com helbidera. Maiatzaren 31ra arteko epea dago, baina hori bai, izen-emateak ordenaren arabera onartuko dira. Hau da, izen-ematen lehenak diren hamasei bikoteek hartu ahalko dute parte. Izena ematerakoan bi partaideen izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztu beharko dira.

Ezaugarriak, sariak eta laguntzaileak

Txapelketaren ezaugarriei dagokienez, aurreko urteetako berberak dira: goiz bateko jarduera izango da, eta 15:00 alderako amaitzea aurreikusten da; 16 urtetik gorakoek parte har dezakete; bikote mistoak izan behar dira, gizon eta emakume banaz osatutakoak; partidak kanporaketak izango dira, hau da, irabaziz gero aurrera jarraitzen da eta galduz gero txapelketatik kanpo gelditzen da; eta guztira gehienez hamabost partida izango ditu memorialak, final zortzirenetako zortzi partida, final laurdenetako lau, finalerdiko bi eta finala.

Sari banaketaren ondoren jai giroan murgilduko dira, parte hartzaile, ikusle eta bertaratzen diren lagun guztientzat hamaiketakoa egongo delako Berdura Plazan, eta finalera iristen diren bi bikoteek opari bana jasoko dutela azaldu dute antolatzaileek, txapelketa laguntzen duten erakunde, enpresa eta norbanakoei esker. Horien zerrenda ere jakinarazi dute, esker ona adierazteko. Honakoak dira: Getariako Udala, Indaux-eko langileak, Itxaspe taberna, Txikota ikus-entzunezkoak, Kabian Take Away, Muga eta Getariako Keta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide