Egun osoko jaia antolatu du Artzapek 25. urtemugarako

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 7a

Jone Lizarralde, Alaitz Lazkano eta Xabier Larrañaga, atzean Artzapeko aldapa dutela. (Onintza Lete Arrieta)

Mende laurdena da Getariako Artzape aldizkaria sortu zela, eta urtemuga hori ospatzeko egitaraua prestatu dute larunbaterako. Askotariko ekintzak izango dira. 

Getariako hainbat euskaltzalek 2001. urtean sortu zuten Artzape aldizkaria. Herritarrak euskaraz informatzea zen helburua, eta ordutik komunikazioaren eta teknologiaren arloak asko garatu badira ere, bere horretan jarraitzen du hasierako xede horrek. 25. urtemuga, ordea, aurpegi berriekin dator, Alaitz Lazkano eta Xabier Larrañaga orain gutxi hasi baitira kazetari Artzape-n, Jone Lizarralderi lekukoa hartuta. Hirurek eman dituzte Artzaperen 25. urteurren festako egitarauaren xehetasunak.

Larunbatean, etzi, izango da jaia, eta haurrentzako ekintza batekin hasiko da eguna, Urritza aisialdi taldearekin mural bat margotuko baitute frontoian. Plastiko baten gainean egingo dute murala, eta horrek dekoratuko du festa gunea. Eskertza ekitaldia egingo dute gero, Maitane Subijana kazetariak aurkeztuta. "Artzape sortu zuten eta ondoren Artzapek jarraitzea posible egin duten denei egingo diegu aitortza", azaldu dute. Herriko eragile ugarik parte hartuko dutela esan dute, baina xehetasunik ez dute eman nahi izan, "sorpresa" izan dadin.

Ekitaldiaren ondotik bertso poteoa egingo dute tabernaz taberna, eta Harritarten herri bazkaria izango da 14:30 aldera. Presarik gabe egongo dira mahaiaren bueltan, bazkalondoan Artzaperen Bodegatik plazara podcast berezia egingo baitute zuzenean. Gonbidatuak, elkarrizketak eta jolasak egongo direla aurreratu dute, eta esan dute saioa aprobetxatuko dutela Artzaperen aldeko errifen zozketa egin eta sariak banatzeko. Eguna zuzeneko musikarekin amaituko dute, Getariako Eztandaren eskutik aurrena, eta Bele Ravenen musika elektronikoarekin, gero.

Elastikoak salgai

Urteurren festaren leloa lehiaketa bidez erabaki dute, eta hala, Art25apetik plazara, jalgi hadi euskara! erabili dute maiatzean kaleratu duten aldizkariaren zenbaki berezian, baita salgai jarri dituzten kamiseta eta edalontzietan ere. Aitor Irigoienek asmatutako esaldia izan da. 25. urteurreneko kamiseten eta edalontzien diseinuaz, berriz, Edurne Irigoien arduratu da. Kamisetak oraindik eskuragarri daudela azaldu dute, eta errifak, berriz, larunbatean bertan ere erosteko aukera egongo dela.

Egitaraua biribiltzeko, eguraldia portatzea falta da orain.

Egitaraua

  • 11:00. Mural margoketa, frontoian, Urritza aisialdi taldearekin.
  • 12:00. Eskertza ekitaldia, frontoian.
  • 13:00. Bertso poteoa Libe Goenaga eta Nerea Elustondorekin.
  • 14:30. Herri bazkaria. Bazkalostean, Bodegatik plazara podcastaren saio berezia gonbidatuekin eta zozketekin.
  • 19:00. Poteo girotua.
  • 22:00. Kontzertuak: Eztanda eta Bele Raven.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide