Getariako Udalak lizitaziora atera ditu Iturzaeta herri eskolako hobekuntza lanak eta Malkorbe hondartzako izozki postua, eta interesdunek maiatzaren 21era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak.
Iturzaetako lanen oinarrizko aurrekontua 157.964,29 eurokoa (BEZ barne) da, eta obrak gehienez zortzi asteko epean eta udako garaian egin beharko dira, ikasleak eskolan ez daudenean. Aurreikusitako esku-hartzeen artean daude fatxadako lanak, balkoietako hobekuntzak, bajanteen egokitzapena, hainbat ateren berrikuntza, eskailerako konponketak eta beluxaren instalazioa. Lanen %60 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu.
Esku-hartze horren bidez, ikasle eta irakasleentzako espazioak erosoagoak, seguruagoak eta egokiagoak izan daitezen nahi du udalak.
0km-ko izozkiak hobestuz
Malkorbe hondartzan izozki kaxeta jartzeko lizitazioarekin, berriz, udako denboraldian hondartzan eskaintza osagarria egotea nahi du udalak, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaini eta aisialdi gunea aberasteko. Kaxeten diseinuan zura hobetsiko da, eta "tokiko ekoizpena eta kalitatezko artisautza sustatzeko", Getarian ekoitzitako izozki artesanalak saltzen dituzten enpresak lehenetsiko dira.
Lizitazioei buruzko informazio zehatza aurki daiteke esteka hauetan: honakoa izozki postuari buruzkoa da, eta honakoa, berriz, Iturzaeta herri eskolan hobekuntza lanak egiteari buruzkoa.