Itsasoa bedeinkatu dute Getarian, Arrantzaleen mezaren ostean

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 3a

Antxoa Eguneko egitarauaren barruan, meza egin dute eguerdi partean San Salbatore elizan, eta handik prozesioan eraman dute Ama birjina Artzape parera. Ekitaldiek arratsaldean jarraituko dute, pilotalekuan egingo duten herri kirolen jaialdiarekin. 

Dena ez da eta gastronomia edo sabela betetzea, gaur fedeak protagonismoa izan du Antxoa Eguneko egitarauaren barruan. Eguerdi partean, Arrantzaleen meza egin dute San Salbatore elizan, Jesus Aldalurrek zuzendutako Getariako abesbatzak kantatuta. 

Behin elizkizuna amaituta, prozesioan eraman dute Ama Birjinaren irudia elizatik Artzape parera. Han, dantza egin eta gero, eta koroak abestutako kanta batzuen ostean, itsasoa bedeinkatu du apaizak, prozesioan Ama Birjinaren irudia berriro ere parrokiara eraman aurretik. Jende kopuru politak jarraitu du Artzapen egindako ekitaldia. 

Antxoa Eguneko egitarauarekin jarraituta, arratsaldean, 18:00etan hasita, herri kirol jaialdia egingo dute herriko pilotalekuan. Giro txarra egingo balu, kiroldegira lekualdatuko lukete ikuskizuna.

Aizkolarien eta harri-jasotzaileen saioak izango dira. Aizkoran, Iker Vicente, Ugaitz Mugerza, Julen Alberdi Txikia eta Mikel Larrañaga arituko dira; harria jasotzen, berriz, Mikel Lopetegi Urra, Madi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Udane Ostolaza.

Bitartean, Irulitxa txaranga arituko da Getariako kaleak girotzen.

Aurtengo Antxoa Eguneko egitaraua ez da, baina, herri kirolekin amaituko. Datorren astean ekintza gehiago izango dira herrian.

Maiatzak 6, asteazkena

  • 09:00-12:30. Izan arrantzale tailerra Getariako Iturzaeta herri eskolako haurrentzat, Kofradia-Itsas Etxearen eskutik.

Maiatzak 9, larunbata

  • 11:00. Antxoa Eguneko VIII. bela estropada.
  • 19:00. Zaria Koru Eskola, San Salbatore elizan.

Maiatzak 10, igandea

  • 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, San Salbatore elizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide