Aldarri eta festa giroan igaro da 24. Korrika gaur arratsaldean Getariatik Euskara gara leloa ozen lau haizetara zabalduz. Zarauztik barrena jendetza iritsi da 17:00ak aldera, aurreikusitakoa baino orduerdi beranduago, eta udala izan da euskararen aldeko mezua daraman testigua hartzen lehena, aurreneko tunelaren eta Ubiriko etxearen artean, Korrikaren 1.830. kilometroan. Ondoren, herriko eragile andanak pasatu du lekukoa eskuz esku, 1.838. kilometrora arte. Kaminero Etxea pasatu eta gero eman diete testigua zumaiarrei Urritza eta Taiko Judo Klubeko lagunek. Aurrez, Kale Nagusitik igaro da Korrika, eta Elkano kaletik errepidera atera arteko tartea izan da momentu hunkigarrienetako bat.
Korrikaren aurretik, Korrika Txikiak berotu ditu motorrak herrian. Haur eta gaztetxoek herrigunean egin dute beren lasterketa saioa, aurpegiak ederki margotuta eta petoak soinean.
Behin Korrika herritik igarota, 17:30ean txokolate beroa banatu dute plazan, eta segidan musikak eta buruhandiek girotu dute arratsaldea, musika eskolako trikitilari eta pandero jotzaile gazteekin.
Ondoren, 18:30 inguruan, pintxoak eta barrikotea ere egon dira, baita Korriokea ere herriko eragileen eskutik.
Lekukoa eraman duten eragileak
Getariako eragile ugarik egin dute bat Korrikarekin aurtengoan ere. Zehazki, honako hauek eraman dute lekukoa, 1.830. kilometroan hasi eta 1.838. kilometrora arte:
- 1830. Getariako Udala.
- 1831. Getariako Arraun Elkartea.
- 1832. Getariako Keta.
- 1833. Ameztoi Txakolinak eta Getaria Prest (EAJ).
- 1834. Getaiko Gazte Asanblada eta Getaitri.
- 1835. Zanbuka Guraso Elkartea, Artzape Euskara Elkartea eta Gure Txeruko dantzariak.
- 1836. Gure Txeru Elkartea, Sortu, Presoen Lagunak eta EH Bildu.
- 1837. Tonpe Guraso Elkartea eta Gaztetape Surf Elkartea.
- 1838. Urritza eta Taiko Judo Kluba.
(Eguna bukatzerako lekukoen argazkiak gehituko dira argazki bilduma honetara)