Oinarrian elkarlana izan duen 'Elkano, Mundubira Espazioa' aurkeztu dute Getarian

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 19a

Juan Sebastian Elkano getariarraren eta hark 1519an egin zuen espedizioaren kontakizunak jasotzen dituen espazioa aurkeztu dute hainbat instituzioetako ordezkariek, eta Zarautz jauregiak hartu duen museoa elkarlanaren emaitza izan dela baieztatu dute guztiek ere. Aurki irekiko dute Elkano, Mundubira Espazioa publiko orokorrarentzat.

Zazpi urteren ostean, amaitu dituzte Getariako Zarautz jauregiko Elkano, Mundubira Espazioa museoaren lanak, eta proiektuan parte hartu duten erakundeetako nahiz enpresetako hainbat ordezkarik prentsaren aurrean aurkeztu dute espazio berria gaur, ostegunez. Aurki irekiko dute Juan Sebastian Elkano getariarraren eta hark 1519an egin zuen espedizioaren kontakizunak jasotzen dituen espazioa publiko orokorrarentzat.

Haritz Alberdi Getariako alkateak egin die harrera bisita gidatura gonbidatutako ordezkariei, eta Zarautz jauregiaren eraberritzeaz arduratu diren Vaumm –eraikin horretan egindako lanagatik Birgaitze Onenaren saria jaso zuen iaz– nahiz Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresentzako esker hitzak esan ditu jauregiaren lehenengo solairuan, non II. mendeko aztarnak eta bale hezurrak aurkitu zituzten. Solairu horretan dago arreta bereganatzen duen kontrahormaren oinarria, eta hasieratik argi geratzen da harria eta pinuaren egurra izan direla eraikina eraberritzeko erabili dituzten material nagusiak.

Jauregiaren lau solairuak ezagutzeko aukera izan dute gonbidatuek. Eraikinak hiru solairu zituen jatorriz, eta horietan banatu dute Elkano, Mundubira Espazioa, baina eraberritzeaz geroztik laugarren pisu bat gehitu diote XVI. mendeko jauregiari. Alkateak jakinarazi duenez, herritarrek erabil dezaten diseinatutako espazioa jasotzen du azken solairuak, eta bertan batzarrak, hitzaldiak edo bestelako ekitaldiak egiteko aukera izango da.

Hiru solairu, hiru atal

Elkano, Mundubira Espazioa museoaren harribitxietako bat 3D betaurrekoak izango dira. Horien bitartez, bisitariek XVI. mendeko Getariara bidaiatu dezake, eta zehazki, hiru eszenatoki aurkituko dituzte: iraganeko Getariako irudi orokorra Zarauzko Munoa plazatik begiratuta; garai hartako herriko plaza Elkanoren armarriekin atonduta; eta, azkenik, XVI. mendeko burdinola bat.

Juan Sebastian Elkanori eskainitako museoak ez du koadrorik, ezta artxiborik ere, horregatik, proiektuaren sustatzaileek nahiago dute "espazio" hitza erabili. Bada, espazioaren lehenengo atalean, Albaola Itsas Kultur Faktoriak utzitako materiala dago ikusgai, baita XVI. mendeko itsasontziaen maketak ere. Lehenengo zati horretan, itsasoari lotutako garai hartako mundua nolakoa zen ezagutuko du bisitariak.

Bigarren solairuak, halaber, Elkanoren mundubira azaltzen duen espazio interaktiboago bat jasotzen du. Pantaila handi batek "beste aldea" ere erakusten du: indarkeriaz kolonizatu zituzten lurretan bizi zirenen kontakizuna.

Getarian lau urtean behin antzezten duten Elkanoren Lehorreratzen jartzen du fokua azken atalak. Duela lau urte, herritarren parte hartu zuten prozesu baten bitartez 100 urte dituen tradizio horren inguruan hausnarketa bultzatu zuten, eta eboluzio hori guztia ere jasotzen du museoak. 

Eskifaian egindako lana

Bisita gidatuaren amaieran Haritz Alberdi Getariako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Urikiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak hartu dute hitza, eta hirurek ere nabarmendu dute erakundeen arteko elkarlanari esker lortu dutela horrelako proiektu bat gauzatzea. "Eskifaian aritu gara lanean, eta hori izan da proiektu honen sekretua, elkarrekin lan egitea. Eta herri bezala aurrera egin nahi badugu, eskifaian aritu beharko dugu aurrerantzean ere", berretsi du Mendozak.

"Gainbeheran zegoen eraikin historiko bat berreskuratu dugu, oso era berritzailean gainera, eta berreskuratu dugu publiko izaten jarrai dezan. Harro egon gaitezke, beraz", adierazi du Getariako alkateak.

Bestalde, Salaberriaren ustez, Zarautz jauregiak hartzen duen espazioak bikain islatzen du belaunaldi berriek jaso beharko luketen hori: iraganera bidaia bat etorkizuna ahaztu gabe. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide