Mikel Rodriguez futbolariak kontratua berritu du Realarekin

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 17a

Rodriguez, ezkerrean, Erik Bretos Realeko kirol zuzendariarekin. (Reala)

Realaren harrobiko harribitxietako bat da futbol jokalari getariarra, eta erdilariak txuri-urdina izaten jarraituko du, gutxienez, beste hiru sasoitan. Iaz, 2027ra arte luzatu zuen hitzarmena getariarrak Realarekin, eta gaur, beste bi urterako luzatu du. 

Mikel Rodriguez futbolari getariarrak 2029ra arte berritu du kontratua Realarekin. Hori hala, 2028-2029 denboraldiaren amaierara arte jarraituko du Getariako erdilariak talde txuri-urdinean. Rodriguez gazte mailan fitxatu zuen Realak, eta azken denboraldietan, Reala B taldeko zutabe nagusietako bat izaten ari da.

Rodriguezek iaz berritu zuen kontratua Realarekin. Hain justu, Reala Bk Espainiako Bigarren Mailara igoera lortu baino lehen egin zuten 2027. urtera arteko hitzarmena futbol klubak eta getariarrak. Sergio Francisco orduko Reala B taldeko entrenatzaileak zuzendutako taldean gehien nabarmendu zen jokalarietako bat izan zen hura, gainera. Guztira, 36 neurketa jokatu zituen Rodriguezek 2024-2025 denboraldian. Aurten, berriz, dagoeneko hogei partida jokatu ditu Ion Ansotegiren aginduetara, eta bi gol sartu ditu.

Getariarrak oraindik ez du Realaren lehen taldera pausoa eman; izan ere, 24 urte izanda, ezingo luke Reala B taldean berriro jokatu lehen taldearekin debuta eginez gero. Ordea, Rodriguez da Realaren harrobiko harribitxietako bat, eta berandu baino izan dezake horretarako aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide