XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera artean Getariako emakumeek bizi zuten errealitatearen inguruko ikerketa osatu du Osane Amiano Galdos irundarrak. Udalak sustatutako Getariako Emakumeen Memoria Historikoa berreskuratzeko ikerketa beka irabazi zuen iaz, eta horri esker, udalerriaren historia genero ikuspegitik berridatzi du Amianok.
Aro Berriko Getariako emakumeen errealitatea artxiboen bidez (XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendea) izeneko ikerketan, itsasoari estuki lotuta zegoen garaiko Getariako andreek bizi zuten egoera aztertu du Amianok. Ikertzaileak ondorioztatu duenez, arrantzak, bale ehizak eta merkataritza atlantikoak gizonen absentzia luzeak eragiten zituzten garai hartan, emakumeek etxearen, familiaren eta ondarearen kudeaketa bere gain hartu zuten sarritan, eta erabaki ekonomiko eta sozial garrantzitsuak hartu zituzten komunitatearen biziraupena bermatzeko.
Ardura handiko lana zen garai hartako emakumeena, izan ere, etxea zen orduko gizartearen oinarria, eta emakumeek funtsezko zeregina izan zuten haren antolaketan.
Ikerketa lana osatzeko artxibo historikoak arakatu ditu Osane Amianok, eta egiaztatu duenez, arlo juridikoan emakumeen egoera mugatua bazen ere, askok jarduteko bideak aurkitu zituzten: pleituetan parte hartu zuten, dohaintzak egin zituzten, zentsuak sortu eta ondareak administratu zituzten, bereziki alargun geratutakoan.
Halaber, Aro Berriko Getariako emakumeen errealitatea artxiboen bidez (XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendea) ikerketak erakusten du emakumeak ez zirela talde homogeneoa, eta haien bizipenak egoera sozialaren, ekonomikoaren eta bizi-ibilbideen arabera aldatzen zirela.
"Lan honek, azken finean, Getariako historiaren ulermen osatuagoa eskaintzen du, emakumeak bigarren mailako figurak izan beharrean, komunitatearen funtzionamenduan subjektu aktibo eta erabakigarriak izan zirela agerian utziz", adierazi du Getariako Udalak.
Esteka honetan osorik irakurri daiteke Osane Amianoren ikerketa lana.