Osane Amianok irabazi du Getariako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa beka

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 7a, 13:58

Osane Amiano bekaren irabazlea, Ane Loidi zinegotziarekin. (Getariako Udala)

Amianoren proposamenak XVII. mendeko Getaria eta orduko emakumeak izango ditu ikerketagai, nahiz eta XVI. eta XVIII. mendeak ere aztertuko dituen, Getariako Udalak jakinarazi duenez.

Osane Amiano Galdos irundarrak irabazi du Getariako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko udalak sortutako ikerketa beka, eta hala, 4.000 euroko diru laguntza jasoko du Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak jasotzeko eta, ondoren, horren emaitza plazaratzeko. Historian graduatua da Amiano, eta XVII. mendeko Getaria eta orduko emakumeak izango ditu ikerketagai, nahiz eta XVI. eta XVIII. mendeak ere aztertuko dituen, udalak jakinarazi duenez. 

Amianok hamar hilabeteko epea izango du lana udalari aurkezteko, eta guztira urtebeteko epean egongo da ikerketa argitaratzeko prest.

Getariako Udalak 2022an idatzi zuen lehenbizikoz Getariako emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana, eta, bertan, 2023–2026 epealdian gauzatzeko 66 ekintza jaso zituen. Ekintza haietako bat zen Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpena aztertu eta balioan jartzea. Izan ere, udalaren ustez, "zor historikoa" dago herriko emakumeekiko: "Getariako herriak zor historiko bat du bertan jaio, lan eta bizi izan diren emakumeekin. Udalarentzat beharrezkoa da gure herriko emakumeek iraganeko bizitza sozialean nahiz lan-, ekonomia-, politika- edota kultura-arloan zer paper izan zuten ezagutzea, gaur egungo Getaria ulertzeko eta etorkizuneko herria eraikitzen segitzeko". 

"Ikerketa baliatuz" hasi nahi du udalak emakumeen ekarpena zer-nolakoa izan den jasotzen, "kontatu gabeko historia argitara eman, emakumeei zor zaien aitortza egin, eta herriko txoko nahiz kontakizunetan merezi duten lekua emateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide