Ekitaldiz lepo ospatuko du Getariako Arraun Elkarteak bere mende erdia

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 3a

Getariarrak arraunean. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Hitzaldiak, estropadak eta jaialdiak antolatu dituzte datorren astean hasi eta urte amaierara arte arraun elkartearen urteurren borobila herritarrekin batera ospatzeko. Egun bereziena azaroaren 7a izango da, orduan jasoko baitute omenaldia klubaren sortzaileek. 

Ospakizun urtea izango du aurtengoa Getariako Arraun Elkarteak (GAE), mende erdia beteko baitu 2026. urte honetan. Klubari eta kluba osatzen duten gizon-emakumeei merezitako omenaldia egiteko egitarau zabala prestatu dute, eta hurrengo astean izango da aurreneko ekitaldia.

"Gazte grinatsu batzuek mendeetan zehar herriko ondarearen parte izan den kirolari egitura eta zoru antolatu bat emateko hautua egin zuten 1976an, eta ordutik gaurdaino, herriko gazteen aisialdi eta aterpe izan da, goi mailako kirol jardunarekin uztartzeraino", adierazi du klubak egitarauaren berri eman duen prentsa oharrean.  "Bost hamarkada hauetako gaziak eta gozoak oroitzeko" prestatu dute egitaraua, eta lau lagun aritu dira buru-belarri zeregin horretan: Xabier Goikoetxea GAEko presidentea, Leandro Andreano zuzendaritzako kidea, Urko Atxotegi arraunlari ohia eta Jon Ander de la Hoz arraunlari ohia eta Euskadi Irratiko kazetaria. Iñaki Uzin zuzendaritzako kidea ere laguntzen aritu zaizkie.  

Hitzaldi interesgarriak

"Argi genuen klubak merezi duen mailan ospatu behar genuela urteurrena", kontatu dio De la Hozek Gukari. Egitarauko aurreneko ekitaldiak, udara artekoak, hitzaldi nahiz mahai-inguruak izango dira –arraun hitzordu bat salbu–. Uda ostekoan, berriz, jai girokoak gailenduko dira.

Hitzaldi zikloari dagokionez, De la Hozek azaldu du arraunean "bigarren mailan" gelditzen diren gaiei heldu nahi izan dietela, eta hala, hiru gai desberdin bezain interesgarri aukeratu dituzte.

Aurreneko saioa hurrengo astean izango da, otsailaren 12an, ostegunarekin. Mahai-ingurua egingo dute, tostako arraunaren etorkizuna aletzeko. "Arraunaren etorkizunari buruzko gaia puri-purian dago, hitzetik hortzera dabil, eta oso argi genuen jorratu beharrekoa zela klubak 50 urte bete dituen honetan, ikuspuntu positibo batetik. Arrauna biziberritzeko proposamenen bat ere egina du elkarteren batek egutegiari dagokionez, eta arraunlariak gutxitzen ari direnaren hausnarketa ere mahai gainean dago", azaldu du. Hiru arraun entrenatzaile ariko dira hizlari gai horri tiraka: Ion Larrañaga etxeko entrenatzailea, Jon Salsamendi Bermeoko entrenatzaile oriotarra,  eta Jone Oliban Deustuko entrenatzailea; azken hori KAE elkartearen presidenteordea eta idazkaria ere bada. Kepa Iribar Euskadi Irratiko kazetari getariarrak gidatuko du mahai ingurua. "Larrañaga eta Salsamendi 1990eko hamarkadatik ibili dira traineruan, eta oso-oso gertutik ikusi dute bilakaera. Oliban, berriz, emakumezkoen traineru liga sortu zenetik dabil arraunean, eta orain baita kudeaketa lanetan ere", azpimarratu du getariarrak hizlarien egokitasunaren inguruan. 

Apirilaren 16an, oso bestelako hitzaldia eskainiko dute, "euskal itsas ondarearen azterketa eta horrek arraunarengan izan duen eragina aletzeko" elkartuko baitira Aitor Arregi Elkano jatetxeko sukaldari getariarra, Ibon Gaztañazpi arraunlari eta entrenatzaile ohi eta ETBko kazetari oriotarra eta Xabier Alberdi Donostiako Itsas Museoko zuzendari zientifiko zarauztarra. Solasaldia zer ordutan eta non izango den aurrerago jakinaraziko dute. "Itsas kultur ondarearen apasionatuak dira hirurak, eta lotura egingo dugu arraunarekin eta Getariarekin".

Maiatzean, estropalariek azken urteotan izandako aldaketa fisikoa aletuko dute Iñaki Arratibel kirol-osagile eta Getariako Arraun Elkarteko sendagileak, Naroa Becerril arraunlari eta prestatzaile fisikoak eta Mikel Orbañanos Hondarribiko gizonezkoen traineruko entrenatzaile oriotarrak, De la Hozek berak gidatuta. 

Ekainean emango diote amaiera hitzaldi zikloari, arraun emankizunetan lau hamarkadako ibilbidea amaitu berri duen Mikel Olazabal ETBko kazetari zarauztarraren parte hartzearekin. Haren ibilbideaz eta arraunaren bilakaeraz ariko da, De la Hoz solaskide duela. "Erreferentea izan da guretzat, eta gu zaletzeko ere garrantzia handia izan du haren lanak", azpimarratu du haren lankideak. 

Arraun hitzordu bereziak

Arraun elkarte baten urteurrena ospatzeko ezin arrauna falta, eta pare bat hitzordu berezi prestatu dituzte getariarrek. 

Batetik, martxoaren 7an Oriaren Traineru Jaitsieran parte hartuko dute Getariako Arrau Elkarteko kideek beteranoen mailan, belaunaldi desberdinetako gizon-emakumeak elkartu baitira traineru bat osatzeko. Jada entrenatzen ari direla azaldu du De la Hozek, eta nabarmendu du "klubean hainbeste lan egin duen" Javier Etxabe ariko dela patroi lanetan Orioko jaitsieran. "Javier gabe –eta haren anai eta beste hainbeste gabe– ez zen klubik egongo gaur, eta beraz, berezia da bera joatea patroi". 

Abuztuan, kuadrillen arteko batel estropadak jokatuko dituzte Salbatore jaien jiran, "behinola gure elkartean aritu diren neska-mutil eta gizon- emakumeek berriz tostan jartzeko aukera izango dutelarik". Klubean inoiz ibili gabeko herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dutela azaldu du kazetariak, eta moila zaharrean egingo dela, getariarrek ikuskizunaz bertatik bertara gozatzeko aukera izan dezaten. 

Irailerako ez dute ezer berezirik prestatu, Kontxako estropadekin nahikoa izango dela iritzita: "Espero dugu trainerua sailkatuko dela eta horrekin nahikoa festa izango dela", esan du De la Hozek, umoretsu. Hori bai, argi utzi du traineruaren aurtengo emaitzek ez dutela inolaz ere baldintzatuko urteurren borobila. "Klubak urte hauetan guztietan gorabehera asko izan ditu, eta haiekin guztiekin akordatuko gara urteurrenean, batez ere lehen harria jarri zutenekin". Gainera, gogorarazi du GAE ez dela gizonezkoen lehen trainerua bakarrik: "Gizonezkoen traineruaz gain, hor daude harrobiko arraunlariak ere, eta oso emaitza onak lortzen ari dira neska-mutilak kadete eta promesa mailetan bateletan. Haiek ere klubaren parte dira, eta etorkizunera begira, baita zutabe garrantzitsuena ere", azpimarratu du. Aurtengo denboraldian 70 arraunlari dabiltza elkartean. 

Urrian arraun gaiez hornitutako bertso jaialdia egingo dute, eta azaroan emango diote amaiera elkartearen urteurrenari. Azaroaren 7a izango da egun inportanteena, elkartearen 50. urteurrenaren jaia egingo dutelako egun horretan, "klubean ubera utzi duten kideak omenduz". Getaitrik antolatuta, herriko elkarteetako lagunekin kirol desafioa jokatzeko asmoa dute, baita bazkari herrikoia egitekoa ere. 

"Egun batzuk geroago" musika jaialdia egingo dute, "euskal musika ezsenan oihartzuna duten artisten laguntzarekin". Horri buruzko xehetasunak, ordea, aurrerago emango dituzte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide