Ikuskizuna nagusi San Anton bigarrenez

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 18a

Eguerdian herri kirol saioa eskaini dute frontoian Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta Bihurri aizkolariek eta Maddi Gesalaga, Xabat Olaizola, Ainitze Zumeta eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a harri jasotzaileek. Arratsaldean, berriz, bertso jaialdia izan da Balentziaga museoan Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Salegi eta Danel Olano bertsolarien eskutik. 

San Anton bigarrena dute gaur Getarian, eta ekitaldi gutxi baina dotoreak egin dituzte: eguerdian herri kirol jaialdia izan da frontoian, eta arratsaldean, berriz, bertso jaialdia Balentziaga museoan. Urteroko hitzorduak ziren, eta herritarrek gogotsu hartu dituzte. 

Herri kiroletan nahikoa saltsa jarri dute Maddi Gesalaga, Xabat Olaizola, Ainitze Zumeta eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a harri jasotzaileek, hainbat apustu egin dituztelako beren artean, ikusleen txaloak eta irribarreak lortuz. Aizkoran ere fin ibili dira Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta Bihurri.

Arratsaldean, herriko goialdean izan da hitzordua, bertso jaialdia egin baitute Balentziaga museoan. Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Salegi eta Danel Olano (azken hori getariarra) aritu dira bertsotan, eta Uxune Areizaga getariarra arduratu da askotariko gaiak jartzeaz. 

Getarian atzo izan zuten festetako egun handia, San Anton eguna –ikus hemen bideoa eta argazkiak–, baina hurrengo asteburuan ere izango dute zer gozatua. Honakoa da egitaraua:

Urtarrilak 23, ostirala

  • 19:00.Eskuz binakako pilota txapelketako partidak Sahatsaga pilotalekuan. Binaka Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V.a-Erostarbe. A serie ligan, berriz, Jaka-Iztueta Zabala-Martijaren kontra. 

Urtarrilak 24, larunbata

  • 09:00. Diana Getariako Musika Bandarekin. 
  • 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Salbatore Deuna parrokian. 

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide