Getariako Udalak espazio autogestionatu berri bat sortzeko proiektua jarri du martxan, "gazteen eta herriko eragileen topaketa eta jarduera beharrak erantzuteko" helburuarekin. Guztira 434.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta horietatik 210.000 euro 2026ko udal aurrekontuan aurreikusita daude, zehazki. Espazioa Turismo Bulego zaharrean kokatuko da.
Udalak kontatu duenez, espazio berria "komunitatearen beharrei erantzuteko" diseinatu dute, eta horretarako azken hilabeteetan prozesu publiko komunitarioa garatu dute. Tipi kooperatibaren gidaritzapean, prozesuan hartu dute parte Getariako Asanbladako eta Graka Kolektiboko kideek, baita udaleko ordezkariek ere. Emaitza bezala, bi eragileek elkarte gisa erregistratzeko eta espaziorako proiektua definitzeko urratsak eman dituzte, eta orain hitzarmena osatzen ari dira. Horrez gain, udalak nabarmendu du herriko beste eragileek ere espazio berrian "parte hartu eta proiektuaren dinamikan inplikatu" ahal izango dutela, betiere "espazioaren izaera autogestionatuarekin" bat eginez.
Prozesuaren amaieran, espazio berria Turismo Bulego zaharrean kokatzeko aukera "ia erabat adostuta" geratu zela ere esan dute. Gainera, parte hartzaileek aurreproiektua ezagutzeko eta proiektuaz arduratu den arkitektura taldeari iritziak helarazteko aukera ere izan dute.
Espazioaren ezaugarriak
Herriaren erdigunean kokatuko den espazioak "erabilera anitzeko gune nagusi bat" hartuko du, proiektu eta jarduera anitzetarako egokia, hain zuen ere. Horrez gain, gaztetxe berriak bi entsegu gela izango ditu aurrerantzean, herriko musika taldeen eskaerei erantzunez.
Eraikinak bi sarrera izango ditu; nagusia gaur egun parkeko iturria dagoen tokian kokatuko da, eta horren ondorioz iturria goiko espazio irekira lekualdatuko dute. Obrak direla eta, goiko gurutzeak ere plazan kokapen berria izango du, eta honen ondorioz, goiko eremua guztiz ireki eta erabilgarri geratuko da. Espazioak bi komun izango ditu, eta esku hartzeen artean, lokalaren intsonorizazioa ere aurreikusten dute.
Udalaren ustez, espazio autogestionatu berria "urrats estrategikoa" izango da gazte politiketan eta herritarren parte hartzean, eta halaber, "herriaren dinamizazio sozial eta kulturalean eragin positiboa" izatea espero dute. Lanen hasiera 2026rako aurreikusten dute, eta horretarako, udalak dagoeneko lizitazio prozesua abiarazi du.