Bi alderdien arteko "elkarlanean" oinarritutako aurrekontuak izango ditu Getariak 2026an

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 26a

Atzoko plenoan onartu zituzten 2026ko aurrekontuak. (Mireia Galarza Bastida)

EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren abstentzioarekin, guztira, 5.420,346 euroko diru partida izango du Getariako Udalak hurrengo urtean. Askotariko proiektuetarako erabiliko dute, besteak beste, Elkanoren Lehorreratze ekitaldirako, kultur espazio autogestionaturako eta herriko igogailuetarako. 

Getariako Udalbatzak, EH Bilduren aldeko sei boto eta EAJren abstentzioarekin, atzo arratsaldean onartu zituen 2026rako udal aurrekontuak. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunean izan zen, hain justu, plenoa, eta horregatik, elkarretaratzea amaituta elkartu ziren kide guztiak pleno aretoan. Eneko Miralles Ogasun Zinegotziak azaldutakoaren arabera, hurrengo urteko aurrekontuak udalbatza osatzen duten bi talde politikoen arteko "negozioazioaren ondorio dira". Orotara 5.420,346 euroko diru partida izango du Getariako Udalak, iaz baino 140.000 euro inguru gutxiago, baina horrek bere arrazoia duela azaldu zuen Mirallesek: "Kontuan hartu behar da aurreko urtean aurrekontua puzten zuen partida handi bat zegoela: kiroldegiko estalpearena. Aurten, horretarako erabiliko dugun diru kopurua ez da hainbestekoa izango, eta beraz, horrek aurrekontua txikituko du. Inbertsio hori alde batera utziz gero, praktikan esan dezakegu iaz baino handiagoak direla aurtengo aurrekontuak". 

Sarreren aurreikuspena 4.908.846 eurotan kokatu du udalak, eta ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantzaketarako Foru Funtsetatik jasoko lukete zati handiena: zehazki, 2.759.730 miloi euro, iaz baino 200.000 euro inguru gehiago. "Horrek %8a suposatzen du, eta KPIa %3a igo denez, alde horretatik udalak irabaziak izango lituzke", nabarmendu du Ogasun zinegotziak. 

Diruaren erabilera

Mirallesek sailka zatitu zuen atzoko bilkuran jasoko duten diruaren banaketa zehatza. Udal langileen gastuari dagokionean, 2024ko soldata igoeraren negoziazioa hartuko dute aintzakotzat hurrengo urtekoan aplikatzeko. "2026rako ez da horrelako negozioaziorik egin Madrildik, eta 2025erako ere ez zutenez burutu, duela bi urtekoa aplikatuko dugu, %2a". Udal langileen formakuntzarako diru partida bikoiztu egin dute iazkoarekin alderatuta, eta 3.000 euro erabiliko dituzte horretarako. 

Kultura eta Euskara sailetan, diru gehiena Elkanoren Lehorreratze ekitaldira bideratuko dute. "Egun horretako nahiz aurretik egingo ditugun ekintzetarako 105.000 euro bideratuko ditugu, baina horri aurre egiteko 30.000 euroko diru laguntza jasotzea aurreikusten dugu", kontatu du Mirallesek. 900 euro erabiliko dituzte Korrika egitasmorako, eta 3.000 euro Izan Arrantzale ekimenerako. Kultur Etxean hainbat hobekuntza egitea ere aurreikusten dute, hala nola liburutegiko altzariak berritzea eta musika eskolan berrikuntzak egitea azken horretarako -5.000 euro aurreikusi dituzte-. Gainera, 2.000 euro gehiago jasoko ditu Musika Bandak, eta 10.000 euro bideratuko dituzte Arraun Elkartearen 50. eta Artzape elkartearen 25. urteurrenetarako. Beste mural bat egiteko, berriz, 18.000 euro erabiliko dituzte. 

Gazteria departamentuan, kultur espazio autogestionatuan erabiliko dute diru gehiena, 210.000 euro, hain zuzen ere. Kopuru horri gertutik jarraitzen dio hondartzako sorospen zerbitzura bideratuko dutenari, 205.000 euro erabiliko baitituzte bertan. Estalpe azpiko skate park berrirako, aldiz, 40.000 euroko partida prestatu dute. Hezkuntzan, Iturzaetako etxe aurrea berritzeko 120.000 euro gorde dituzte: "Urte batzuk badira gastu hau nola egin pentsatzen ari garena, Jaurlaritzarekin ere harremanetan jarri ginen, baina azkenean gure gain hartu dugu gastua. Dena dela, espero da Hezkuntzak ematen duen diru laguntza lortzea". Haur parkeetan, 30.000 euro bideratuko dituzte Askizun egingo duten aisialdi gunera, eta beste horrenbeste euro beste haur parketan hobekuntzak egiteko. 

Berdintasun gaietan aurrekontua "dezente" igo dutela azaldu du Mirallesek. Esate baterako, surf klubeko emakumeen aldageletan hobekuntza lanak egiteko 15.000 euro bideratu dituzte, Berdintasun Planerako 7.300 euro, emakumeen historia aztertzen jarraitzeko bekentzat 7.000 euro eta herrian indarkeria matxista prebenitzeko planerako 18.000. Ingurumenari eta tokiko garapenari buruzko ekintzen berri ere eman du Mirallesek. San Anton mendiko biodibertsitatea aztertzeko 70.000 euro erabiliko dituzte, Sahatsaga 20-24 lokalak aprobetxatzeko proiektuetarako 40.000 euroko partida prestatu dute, eta Merkeko plaza eta Balentziaga lotuko dituen igogailuaren proiektua idazteko 30.000 euro. Beste igogailurako, moila eta Alde Zaharra elkartuko dituena aurreproiektua idazteko 18.000 euro erabiliko dituzte. Bestalde, auzoetako errepideak konpontzeko 50.000 euroko partida osatu dute eta HAPOrako 80.000 eurokoa. 

Moilako eremurako 312.000 euro jasotzea aurreikusten dute Espainiako Portu Zuzendaritzatik. "Diru hori, baina, eremu horretan erabili behar da, eta saiatuko gara erabiltzen portuko eraikin zaharren bideragarritasuna aztertzen hasteko, hala nola Kofradi Zaharrarekin edo tintalekuarekin", dio Ogasun zinegotziak. 

Sintonia ona

Iosu Mujika EAJko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, beraiek 22 proposamen aurkeztu dituzte, 1.065.000 eurotan banatuta. Hilabete hasieran eman zituen jakitera talde jeltzaleak proposamen horiek, eta besteak beste, hezkuntzan, irisgarritasunean, segurtasunean, kulturan, jasangarritasunean eta tokiko merkataritzan oinarritzen dira proposamenok. Horietatik batzuk EH Bilduren proposamenekin bat egiten zutela nabarmendu zuen Mujikak atzokoan, nahiz eta zenbait "%100ean ez lerrokatu". Ideiak partekatzeko EH Bildurekin batzorde bat izan zutela gehitu zuen Mujikak, eta gerora ere beste bi alditan elkartu direla.

Orokorrean, aurreko urteekin alderatuta, "positibotzat" jo zuen Mujikak bi alderdien arteko elkarlana, eta horrelaxe berretsi zuten EH Bilduko kideek ere: "Partida kopuruan edo ideiak garatzeko modu konkretuan agian ez, baina oinarri komun bat egon da, eta herritar guztien ordezkari garen momentutik, esfortzu bat egitea dagokigu bi alderdiak adostasun batera iristeko". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide