22 proposamen aurkeztu ditu Getariako EAJk 2026ko udal aurrekontuetarako

Intza Trula 2025eko azaroaren 3a

Iturzaeta Herri Eskola. (Getariako EAJ)

Taldeak aurkeztutako proposamenak, guztira, 1.065.000 eurotan baloratuta daude. Arlo ezberdinetan oinarritutako proiektuak dira; esaterako, hezkuntzari, irisgarritasunari, segurtasunari, kulturari, jasangarritasunari eta tokiko merkataritzari bultzada ematean oinarritzen dira proposamenok.

Getariako EAJk datorren urteko aurrekontuetarako 22 proposamen zehatz aurkeztu ditu. Proiektu horiek, guztira, 1.065.000 euroko balioa izango lukete, hainbat arlotan banatuta; hala nola hezkuntza, irisgarritasuna, segurtasuna, kultura, jasangarritasuna eta tokiko merkataritza oinarri dituzten proiektuak dira.

EAJren esanetan, jarduera horiek "analisi ekonomiko errealistan eta bideragarritasun teknikoan" oinarrituta daude, "herritarren eguneroko bizitza hobetzeko, zerbitzuak modernizatzeko eta udalerriaren nortasun kulturala indartzeko asmoz". Ildo beretik, alderdiak iritzi dio proposamen guztiak "bideragarriak, neurgarriak eta epe laburrean" gauzatzeko modukoak direla. "Proiektu baliagarriak dira, pertsonen bizitzan benetako eragina izango dutenak, eta udalak 2026an martxan jar ditzakeenak", gehitu du.

EAJren hitzetan, "zorroztasun teknikoarekin" diseinatutako proposamenak dira: "Oposizioan egon arren, erantzukizunez dihardugu lanean, herriarentzako baliagarriak diren proposamenak aurkezteko. Getariak plangintza eta lankidetza behar ditu, eta proposamen sorta hau norabide horretan doa".

Hori horrela, ondorengoak dira alderdiak egindako proposamenak:

Hezkuntza eta segurtasuna:

  • Iturzaeta eskola publikoaren fatxada zaharberritzea (150.000€), eraikinaren egiturazko segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko.
  • Espazio publikoa eta mugikortasuna: Santanape pasealekuaren aurreproiektua (25.000€) eta hiri-mugikortasunaren ebaluazio integrala (35.000€), aparkalekuen eta trafikoaren sistema berrikusteko.
  • Zerbitzuak eta hiri-garbiketa: bi komun automatikoki garbigarri jartzea Aldamarren eta Askizun (140.000€).
  • Irisgarritasuna eta gizarte-kohesioa: San Prudentzio–Loidi oinezkoen pasabidea (25.000€) eta Bistaona eta Malkorbe hondartzaren arteko igogailuaren aurreproiektua (40.000 €).

Kultura eta ondarea:

  • Kofradia Zaharraren etorkizunari buruzko prozesu parte-hartzailea (30.000 €).
  • Hobekuntzak Kultur Etxean eta Musika Etxean (60.000€).
  • Elkano 500 –1526–2026 programari bultzada ematea (50.000 €).

Jaiak eta bestelakoak:

  • San Salbador jaiak indartzea (15.000€).
  • Askizuko aterpetxea egokitzea (70.000€).
  • Bertako surfa hobetzea (60.000€).
  • Potzuaga eta Lehendakari Agirre plazako haur-parkeak berritzea (60.000€).
  • Garraio publikoa hobetzea, erdigunea eta auzoak lotuko dituen autobus baten bidez (5.000 €).
  • Arraun Klubaren 50. urteurrena ospatzea (20.000 €) eta eskola-inguruko bizikleta-aparkalekuak hobetzea (2.000 €).
  • Herriko merkataritza bultzatzeko laguntzak (20.000 €), tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide