Azaroaren 25aren harira hiru ekintza antolatu ditu Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 11

Maialen Lujanbio bertsolaria 'RR_6_erre(AH)ala' izeneko errezitaldiaren saio batean.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Maialen Lujanbioren RR_6_erre(AH)ala errezitaldia antolatu du udalak, baita haurrentzako altxorraren bila saio berezia eta LGTBIQ+ kolektiboari eta familiei zuzendutako aholkularitza saioa ere.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da Azaroaren 25a, eta horren harira, hiru ekintza antolatu ditu Getariako Udalak. Batetik, Maialen Lujanbioren RR_6_erre(AH)ala errezitaldia eskainiko dute azaroaren 23an, igandearekin, eta sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai, hiru euroan, Turismo Bulegoan. Lujanbioren emanaldia Berdura Plazan izango da, 18:30ean hasita.

Bestetik, haurrentzako altxorraren bila saio berezia antolatu dute egun bererako, hau da, hilaren 23rako. Goizean izango da hori, 11:00etan hasita. Berdintasunaren gaia ardatz hartuta, ihes-gela egongo da Sahatsaga kiroldegian LH 5. eta LH 6. mailetako gaztetxoentzat. Izena Iturzaeta herri eskolan nahiz udaletxean eman daiteke, azaroaren 18a, asteartea, baino lehen.

Azkenik, abendu hasieran, LGTBIQ+ kolektiboari eta familiei zuzendutako aholkularitza saioa eskainiko dute. Berdindu elkartekoek emango dute arreta pertsonalizatua abenduaren 2an, asteartea, egun osoan zehar, Alondegian. Goizez 10:00etatik 13:00etara eskainiko dute informazioa eta aholkularitza, eta arratsaldean, berriz, 16:00etatik 19:00etara.

Informazio gehiago nahi duenak berdindu.gipuzkoa@euskadi.eus helbidera idatzi dezakete, edo telefono zenbaki hauetara deitu: 900-84 01 28 edo 688 76 98 65. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide