Mendi Asteko biharko hitzaldia astebete atzeratuko dute Palestinaren aldeko mobilizazio eguna dela eta

Onintza Lete Arrieta 2025ko urr. 14a, 08:57

Palestinaren alde Getarian egindako elkarretaratze bateko irudia.

Getariako Udalak jakinarazi du bat egiten duela bihar arratsaldeko protestarekin, eta horregatik, Joxepo Teres adituaren hitzaldia bihar zortzi izango da. Mendi Asteko gainerako hitzorduak mantendu egingo dituzte.

Palestinaren aldeko mobilizazio eguna izango da biharkoa. Sindikatuek eta hainbat eragilek grebak, lanuzteak eta protestak dituzte deituta egun osorako, eta atzo Getariako Udalak erabaki bat hartu zuen: bihar hastekoa den Mendi Astea atzeratzea. Zehazkiago esanda, biharko hitzordua astebete atzeratzea. Izan ere, hurrengo ekitaldiak igandean izango dira, eta horiek mantendu egin ditu udalak.

Getariako Udalak bat egin du bihar arratsalderako herrietan deitu dituzten protestekin, eta hala, 19:30ean burrunba protesta egingo dute udaletxe aurrean, Gernika-Palestina herri ekimenaren deiari erantzunez.

Beraz, bihar arratsaldeko hitzaldia da bihar zortzi eskainiko dutena: San Anton bio monton izeneko hitzaldia, Joxepo Teres Arkamurka natur elkarteko eta Aranzadi zientzia elkarteko kidearen eskutik. Asteazkenean izango da, hilak 22, 18:30ean Iturzaetan.

Bigarren hitzorduak ere protagonista berak izango ditu: San Anton mendia, eta Teres. Izan ere, bisita gidatua eskainiko du aditu zarauztarrak igande honetan. 10:00etan Herriko Plazan elkartuko dira, eta elkarrekin joango dira mendira, bertako fauna eta flora ezagutzera.

Arratsalde horretan bertan egingo dute Mendi Asteko azken ekitaldia, 18:00etan Iturzaetan: Bilboko Mendi Film Festivaleko hiru film emango dituzte Mendi Tour egitasmoaren barruan. Ohi bezala, proiekzioen ondoren solasaldia izango da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena behar da (aurrez Turismo Bulegoan eskura daitezke, eta egunean bertan, leihatilan, emanaldia baino ordubete lehenago). Honako filmak emango dituzte: Haize lerroak (2024ko Mendi Filmeko sail ofizialekoa,13 minutukoa); Zazpi (2024ko Mendi Filmeko Euskarazko Film Onena, 37 minutukoa); eta Peligro. No asomarse (2024ko Mendi Filmeko Bizkaia Ternua Beka, 48 minutukoa).

Aitor Elduaien kazetariak aurkeztuko du Getariako saioa, eta emanaldian izango da Zazpi filma egin duen Mikel Lizarralde ere. 

Panel berriak herrian

Mendi Asteari lotuta, Ekaitz Esteban alkateordeak azaldu du herrian lau panel berri jarri dituela udalak, horietako hiru San Anton mendian: bat behean, orokorra, lau panel horiek non dauden argitzen duen mapa batekin, beste bat bide erdian, eta beste bat itsasargian; azken panela, berriz, Ketarrin jarri dute, harraldeari begira. "Joxepo Teresek bertako fauna eta floraz egindako lanaren laburpena agertzen da paneletan. Testu eta irudi bidez jaso dugu, eta QR batekin aberastu dugu", zehaztu du.

Joan den astean jarri zituzten panelak, ostegunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide