Getariako EAJk udal aparkalekuen ordenantza aldatzea proposatu du, "gizarte justizia handiagoa bermatzeko" helburuarekin. Hain zuzen ere, EAJk aurkeztutako zuzenketen helburua arauaren "izaera soziala sendotzea, aukera berdintasuna bermatzea eta getariarren benetako beharrei modu bidezko eta ekitatiboan erantzutea" da. Horren aurrean, talde jeltzaleak beharrezkotzat jo du ordenantza gaur egungo "errealitate sozial eta ekonomikora" egokitzea.
Jeltzaleen ustez, gobernuak aurkeztutako lehentasun ordena "ez dator bat Getariako benetako behar sozialekin". Horregatik, hurrengo hurrenkera proposatu du:
- Getarian bizi eta premia bereziak dituzten pertsonak.
- Getarian bizi eta baliabide ekonomiko mugatuak dituzten pertsonak. Horrelakotzat joko dira urteko diru sarrerak indarrean dagoen Efektu Anitzeko Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) hirukoitza gainditzen ez duten bizikidetza unitateak, salbuespenezko kasuak udaleko gizarte-zerbitzuen txosten bidez baloratuta.
- Getarian bizi diren eta jabetzan garaje plazarik ez duten pertsonak.
- Getariako gainerako bizilagunak.
- Udalerrian jarduera ekonomiko baten titularrak.
- Aurreko ataletan sartzen ez diren Getariako etxebizitza jabeak.
Lehentasunez gain, udal taldeak ohartarazi du gobernuak aurkeztutako testuak "hutsune tekniko garrantzitsuak" dituela. Ordenantzak plaza bakoitzaren hasierako prezioa 17.746,73 euro gehi BEZ finkatzen zuela esan dute, eta prezioa automatikoki KPIaren arabera eguneratzea aurreikusten zuen. Jeltzaleek gogorarazi dutenez, formula horrek "zuzenean urratzen du" Ekonomiaren Desinterakzioari buruzko 2/2015 Legea, zeinak espresuki debekatzen baitu "administrazio publikoek prezioak indize orokorretara, hala nola KPIra, lotzea".
Proposamen berriak
Egoera horren aurrean, EAJk plazen salmentarako "prezio zehatz eta bakarra" ezartzea proposatu du, salbuespenez soilik berrikusi daitekeena. Halaber, alokairua edo lagapena arautzea ere eskatu dute, urtean behin berrikus daitekeena, baina beti "osoko bilkuraren onespenarekin eta txosten tekniko ekonomiko baten bidez", hain zuzen.
Azkenik, alderdiaren helburua udal aparkalekuak "berdintasun eta elkartasun irizpideen arabera kudeatzea" dela azpimarratu dute, "pertsona eta familien benetako beharrei erantzunez".