Getariako udal tasak eta zergak %3 igoko dituzte datorren urtean. Udal ordezkariek aho batez hartu zuten erabakia joan zen asteartean egindako udalbatzarrean. Bilkuran landu zuten gaietako bat izan zen ordenantza fiskalena, eta ontzat eman zuten horiek hiru puntu igotzea.
Halaber, portuko TAO tarifak ere zertxobait igoko dituzte, eta etxebizitza hutsen gaineko errekargua %100 igoko dute. Gisa horretan errekargua inguruko herrietako zenbatekoarekin parekatuko dutela esan du udalak. Gainera, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %95eko hobaria eskainiko die erakundeak etxebizitza hutsak alokairura ateratzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programara batzen diren herritarrei.
Ez zen hori izan, ordea, udalbatzarrean landu zuten gai bakarra. Izan ere, Balentziagako garajeen salmenta eta alokairua bideratzeko ordenantza eguneratzea onartu zuten EH Bilduk eta EAJk aho batez. Gaur egun, udalaren jabetzako 59 garaje daude gune horretan, alokairuko erregimenean, eta Euskaltxetan egingo dituzten etxebizitzen oin plantan beste 20 bat garaje egitea aurreikusten dutenez, ordenantza eguneratu egingo dute. Aurreikuspenen arabera, 40 garaje jarriko ditu erakundeak saltzen eta hemeretzi alokairura bideratuko ditu.