Azken asteotan egindako gestioen emaitza izan zuten atzo, Getarian. Abuztuan Getariako uretan egindako urperatze batean, Zumaiako Olarrusub taldeko urpekariek arrantza sare handi bat aurkitu zuten itsas hondoan, San Anton menditik hurbil. "Hondoko haitzetan kateatuta zegoen eta murgiltzea egin zuten urpekariek ikusi zuten itsas animaliak zeudela bertan harrapatuta", azaldu dio Gurkari Olarrusubeko kide Ladis Kalparsorok. "Getariako itsas hondoa nahiko hareatsua da, eta haitz puntu batzuk ere badaude. Inguru haietan aritzen dira animaliak, eta sarea han utzita, arriskutsua izango zen haientzako", argitu du.
Halako sare bat ateratzeak eragin dezakeen arriskuagatik, klubeko kideak itsas jardueretako arduradunekin jarri ziren harremanetan. "Kirol elkarteek ezin dugu halako lanik egin, eta arduradunak jakinaren gaineran jarri genituen", dio Kalparsorok. Olarrusubeko kidearen arabera, eskumen aldetik izandako aldaketak direla medio, Ertzaintzari zegokion sarea ateratzea, baina egindako eskaerei entzungor egin zuten, eta Guardia Zibilak hartu zuen ardura. "Halako lanak egiteko baliabideak dituzte", dio Olarrusubeko kideak.
Jakako lau urpekari bertaratu ziren atzo Getariara, eta goizeko lehen ordutan hasi zituzten sarea ateratzeko lanak. "Itsasoa mugitua zegoen, eta hasieran kostatu zitzaigun lekua aurkitzea", gogoratu du Kalparsorok. Behin uretan sartu zirenean, sarea kiribilduta aurkitu zutela dio, "korronteengatik-eta, ez zirudien aurrekoan bezain handia".
Sarea ateratzeko bi murgitze egin zituztela dio, "bata 40 bat minutukoa eta bigarrena 15ekoa". Behin sarea ontzira igota, Getariako portuan lehorreratu zuten. Sarea ateratzeko lanetan, Guardia Zibilaz gain, Euskal Herriko Urpeko jardueren Federazioko kideak ere aritu zirela dio zumaiarrak, ontzi propioarekin.