Giro bikaina izan zen atzo Getariako Gaztetape hondartzan; izan ere, Gaztetape elkarteak antolatuta, surf txapelketa herrikoia jokatu zuten hainbat lagunek Getariako hondartza horretan, egun osoan zehar. Manex Bikuña nagusitu zen gizonetan, eta emakumeetan, berriz, Edurne Irigoien. Bigarren Noah Arakistain eta Garazi Iribar izan ziren, eta hirugarren egin zuten Eki Aizpuruak eta Andrea Hamillek.
Dena den, beste hainbat mailatan eta modalitatetan ere aritu ziren herritarrak. Hain zuzen, body board modalitatean Jon Azkuek, Jon Urrestik eta Ur Aizpuruak osatu zuten podiuma. Long board modalitatean, bestalde, Iñaki Aizpurua, Antton Manterola eta Ernai Estebam izan ziren lehen hiru sailkatuak.
Master mailan Ekaitz Zimmermann izan zen garaile, eta haren atzetik sailkatu ziren Iñaki Ruiz nahiz Asier Antomass. 18 urtez azpikoen mailan Noah Arakistain izan zen nagusi, eta surf txiki mailan Nur Lasa. Umeen body board modalitatean Ur Aizpuruak irabazi zuen txapelketa.
Lehia bukatzean eta sariak banatuta, parrillada egin zuten, eta ondoren, DJ saioaz gozatu.