Getariako EAJren udal taldea kezkatuta agertu da Iturzaeta herri eskolaren etxaurrearen egoeragatik, Haur Hezkuntzako eraikinean izan diren luiziek fatxada hondatu dutelako eta, gainera, segurtasun falta handia dagoelako une hauetan. Hala, "berehalako erantzun irmoa" emateko eskatu diote EH Bilduren Udal Gobernuari. Iosu Mugika Getariako jeltzaleen udal taldearen bozeramaileak azpimarratu du uda "ezer egin gabe" igaro dela, eta ikasleak eskolaz kanpo ziren sasoian erreforma egiteko aukera galdu dutela.
Getariako Udal Gobernuaren erantzuna berehala etorri da: "2023ko hauteskundeetan eskolako fatxada saneatuko zela hitz eman genuen. Eta udal teknikariek fatxada ikuskatu eta gero, inplikatuei hori 2026ko udaran egingo zela adierazi genien. Aditzera eman genien udan zehar udal brigada arduratuko zela mantentze lan txiki batzuk egiteaz, segurtasuna bermatzeko eta hobekuntza txiki horiek egiteko, eta azken asteetan horretan jardun dira", esan du.
Horrez gain, Udal Gobernuak azaldu du aparejadoreak uztailean eskolako fatxada ikuskatu zuela eta lanen nondik-norakoak eta aurreikuspen ekonomikoak egin zituela. "2026ko aurrekontuak lantzen hasiak garen honetan, jada datorren urteko aurrekontuetan 120.000 euro jartzea aurreikusi da. Lan horietarako, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin hitzamen bat egin ohi da gastuak partekatzeko, eta horixe egingo dugu. Gurea bezalako herri txiki batentzat inportantea da, izan ere, Jaurlaritzaren diru sarrera hori".
Azkenik, EH Bilduren Udal Gobernuak kritikatu egin du EAJren eskaera prentsa bidez jakin izana: "Ez da egia udalari ezer eskatu diotenik. Batzordeak daude hilero, udalbatzarrak bi hilero, eta bestelako baliabideak ere badituzte proposamenak egin, informazioa jaso etab. egiteko. Baina ez dute egin. Eta informazio hau zabaltzen dute jada fatxadaren esku-hartzea planifikatuta dagoenean", kritikatu dute.