Iturzaeta herri eskolaren etxaurrea konpontzeko lanak berehala egiteko eskatu dio EAJk Udal Gobernuari

Julene Frantzesena 2025ko ira. 11a, 11:57

Iturzaeta herri eskola. (EAJ)

Haur Hezkuntzako eraikinean izan diren luiziek fatxada hondatu dutela eta egoera "kritikoa" dela esan dute jeltzaleek. Egoerari "berehalako erantzun irmoa" emateko eskatu du EAJren udal taldeak, eta gogoratu du uda birgaitze lanak egin gabe igaro dela. Lanok egitea udalari dagokiola ere zehaztu dute jeltzaleek.

Getariako EAJren udal taldea kezkatuta agertu da Iturzaeta herri eskolaren etxaurrearen egoera tarteko. Haur Hezkuntzako eraikinean izan diren luiziek fatxada hondatu dutela eta, egoera "kritikoa" dela esan dute jeltzaleek, eta  "berehalako erantzun irmoa" emateko eskatu diote EH Bilduren Udal Gobernuari.

EAJk azaldu duenez, duela hilabete batzuk leihoko erlaitz zati bat erori zen haur eskolako jolastokira, eta hori "onartezina" da. Iosu Mugika Getariako jeltzaleen udal taldearen bozeramailearen hitzetan, ezin dute jarraitu "zoritxarra noiz gertatuko zain". Gainera, hark azpimarratu du uda "ezer egin gabe" igaro dela, eta ikasleak eskolaz kanpo ziren sasoian erreforma egiteko aukera galdu dutela. "Fatxada berritzeko ukitu estetiko batzuk bakarrik egin ditu udalak. Haurrak eskolara itzuli diren honetan, haien osotasun fisikoa arriskuan dago egunero. Une egokia zen uda esku hartzeko, baina ez da ezertxo ere egin".

EAJk esan duenez, getariako alkateak eta udal arkitektoak badute etxaurrearen egoera txarrak dituen arriskuen inguruko informazioa, eta udal taldearen ustez, "justifikaezina" da oraindik birgaitze lanekin hasi ez izana eta hezkuntza komunitateari erantzun argirik eman ez izana. "Udalari dagokio obra egitea, urte askotan egin ez den mantentze lanak baitira. Eztabaidatu ezin den gauza bakarra gure haurren segurtasuna da, eta beraz, esku hartzeak premiazkoa eta lehentasunezkoa izan behar du", esan du Mugikak.

Getariako EAJk ezberdintasun politikoak alde batera uzteko eta arduraz jokatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, "eskola komunitatearen segurtasuna bermatzeak ezin baitu itxaron". Ondorioz, urgentziaz jokatzeko eta fatxada birgaitzeko lanak berehala hasteko eskatu dio EAJk, "dagokion erantzukizuna bere gain hartuta". Izan ere, jeltzaleen hitzetan, lehenengo gauza izan behar du segurtasunak: "Ezin da txintxorrek erortzen jarraitzen duten bitartean eta gurasoek egoera larritasunez bizi dutenean beste aldera begiratu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide