Getariako Udalak bukatu berri diren Salbatore jaien balorazio "gazi-gozoa" egin du. Gozoak izan dira salbatoreak, orokorrean, jaiak "oso ondo" joan direla uste baitu erakundeak. Gaziak ere izan dira, ordea, emakume batek eraso larri bat jasan zuela salatu zuelako.
Udalaren esanetan, jaietarako prestatutako 60 ekitaldi ingurutan "handia" izan da herritarren parte hartzea. Hori horrela izan dela adierazteko lau adibide jarri ditu udalak: mariatxiek frontoia bete zuten, izozki tailerrera 120 umek parte hartu zuten, marmitako bazkarian 520 lagun izan ziren eta gaueko kontzertuetan ere hamarnaka herritar.
Halaber, udalak balioa eman dio Festa Batzordeak herriari egiten dion ekarpenari. Izan ere, egitaraua modu komunitarioan "indartu eta zabaldu" egiten duela uste du. Horrez gain, Getariaren "altxorrik preziatuena" festetan boluntario lanetan aritzen diren herritarrak eta elkarteak direla esan du erakundeak: "Gure herriak badu sen komunitarioa, badu auzolanerako nahia eta herrigintzarako gogoa. Aurtengoan 300dik gora izan dira boluntario lanetan ibili diren getariarrak".
Argindarra eta erasoa
Festetako lehen egunean argi mozketak izan ziren bi matxura handiren ondorioz, baina udalak zehaztu duenez, Getarian bada "txarrenari onena" ateratzen dakien jendea. "Zenbait herritarrek musika tresnak hartu eta gauari saltsa ematen asmatu zuten", adierazi du.
Dena den, festak eraso larri baten salaketak markatu dituela esan du erakundeak, "inork gertatzerik nahi ez duen gertaera baten salaketak". Ostiralean, abuztuaren 8an, zabaldutako berriak "herria astindu eta hainbat kontu kolokan jarri" zituela esan du erakundeak.
Udalak esan duenez, Getariako herria izan zenaren eta izan nahi duenaren arteko trantsizio-sokatira betean dago, eta festetan jazotako "gertaera latza" horren adibide garbia da. Erakundearen aburuz, azken urteetan ekarpen handia egin du mugimendu feministak, eta udalaren berdintasun politiken bidez ere hainbat egitasmo sustatu direla gogorarazi du. "Ekintza horiek guztiek herria aurrera begira jartzea ekarri badute ere, ostiralekoak erakutsi digu oraindik bide luzea dugula egiteko; izan ere, guztiok izan behar dugu jaiez askatasunez eta lasaitasunez gozatzeko aukera. Horrelako Getaria amesten dugu, eta inork ez dezala dudarik izan udalak lanean jarraituko duela hori horrela izan dadin".