Getariatik gertu dauden arrainak gizentzeko itsas haztegietan 50 hegalabur daude dagoeneko. Urriaren bukaerara arte egongo dira han, eta sardina nahiz berdel izoztuekin elikatuko dituzte, gero akabatzeko.
Proiektu pilotua da Balfego enpresak eta Azti ikerketa zentroak iazko irailean martxan jarri zutena. Hain zuzen, Getariako kostatik 3,7 itsas miliara (6,6 kilometrora) itsaso zabalean arrainak gizentzeko piszifaktoriak ezarri zituzten horiek. Bi kaiola dira, 50 metroko diametrokoak eta 40 metroko sakonerakoak, hegalaburrentzat edo atungorrientzat bideratuak.
Kantauri itsasoko atungorrien kuikultura jasangarria bultzatu nahi dute proiektuarekin. Getarian ari dira proba egiten, eta helburua da atungorrien salmenta jasangarria egitea eta inguruarekin errespetuz jokatzea.
Emaitzaren zain
Azken bi hamarkadatan aurreneko aldiz, euskal arrantzaleek atungorriak arrantzatu dituzte Kantauri itsasoan. Getariako Kantauri ontziak 200 atungorri arrantzatu zituen uztailean, herritik 30 bat miliatara (48 kilometro). Haien erdiak baino gehiago askatu egin behar izan zituzten, kuota gaintu zutelako, baina 50 bat atungorri Getariako itsasoko haztegietan daude dagoeneko.
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko arrantza eta akuikultura sailburuordeak azaldu duenez, urrian ikusiko dituzte proiektu pilotuaren emaitzak. "Atungorrien gantzaren ehunekoa, gantz horren kalitatea, merkatuko etekina eta jardueraren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko ditugu, eta emaitzen arabera, datorren urtean komertzialki jauzia emateko baimena eskatuko dugu; 50 atungorri beharrean, 500 edo 1.000 haziko ditugu".
Kantauri itsasoan atungorriaren arrantza ez da errentagarria; izan ere, arrantzatzen dituzten piezak txikiak izan ohi dira. Halaber, eguraldiak ere zaildu egiten du haien arrantza gauzatzea. Horregatik, atungorrien arrantzarako Euskadiko kuota Espainiako beste zonalde batzuetara bideratzen dute. Getariako haztegiekin, hain zuzen, egoera irauli nahi dute eta atungorriaren arrantza berreskuratu.