Getariako Salbatore jaiak

Saregileek botako dute aurtengo Salbatore jaietako txupina

Intza Trula 2025ko uzt. 25a, 10:00

Getariako Udaleko ordezkariak eta herriko eragileak Zarautz jauregian, atzo, salbatoreetako aurkezpen ekitaldian. (Intza Trula)

Abuztuaren 5etik 9ra ospatuko dituzte getariarrek herriko festak, baina aurreko asteburuan ere izango da zer gozatua. Zenbait nobedade izango ditu aurtengo egitarauak; esaterako, izozki tailerra egingo dute haurrentzat, eta Salbatore Egunean emakumeen pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte.

Abuztua heltzearekin batera helduko dira Salbatore jaiak Getariara, eta dagoeneko ezagutarazi dute egun horietarako egitaraua. Azken urtean egin bezala, abuztuaren 5etik 9ra bitarte ospatuko dituzte salbatoreak; hala eta guztiz ere, abuztuaren 1ean, 2an eta 3an motorrak berotzeko zenbait jarduera ere izango dira herrian.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten festetako egitaraua Getariako Udaleko zenbait ordezkarik eta herriko eragileek Zarautz jauregian. Bertan jakitera eman zutenez, salbatoreetako programaren liburuxka bihartik aurrera eskuratu ahal izango da Turismo Bulegoan.

Horrez gain, aurtengo jaietako txupina eta ikurrinaren goratzea nork egingo duen ere esan zuten bilkuran: saregileek izango dute horren ardura, hain zuzen ere. Abuztuaren 5ean izango da, gauerdian, eta Josune Otamendi eta Marian Uribetxeberria dira udaletxeko balkoira igoko diren protagonistetako bi. Aitortu zuten "sorpresaz" jaso zutela gonbidapena, "saregileen lana bigarren maila batean egon baita beti".

Zenbait nobedade, guztien gozagarri

Festek ohiko osagaiak izango dituzte: hala nola Patata Tortilla Lehiaketa, Marmitako Lehiaketa, herri afaria eta askotariko musika emanaldiak. Halere, aurtengo egitaraua nobedadeekin dator, adin guztietako herritarrek jaiez gozatzeko aukera izan dezaten.

Nobedadeetako bat haurrentzako I. Izozki Tailerra izango da. Dona Doni izozkitegiko Fernando Alberdik eskainiko du saioa, eta etxeko txikienek izozkiak egiten ikasiko dute bertan. Ordea, ez da nolanahiko tailerra izango; izan ere, antzinan egiten zituzten bezala egingo dituzte izozkiak. Horrez gain, moilako ur jolasetan kukaña, slickline eta waterline jolasak probatzeko aukera izango dute haur, gazte zein helduek.

Beste nobedadeetako bat kirolarekin lotutakoa izango da: eskuz binakako Emakumezkoen VII. Salbatore Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Salbatore Deunaren Egunean, hain justu.

Horrez aparte, bi urtetik behin egiten den konpartsa ere egingo dute Getariako kaleetan barrena, Brasilgo inauteriak gaia oinarri hartuta. Abuztuaren 6an izango da aurten dantza ikuskizun ibiltaria, 23:00etatik aurrera.

Kale mozketak

Iaz berreskuratu zuten Goitibehera Jaitsieraz ere gozatu ahal izango da festen barruan, eta horrek aldaketak eragingo ditu trafikoan. Zehazki, abuztuaren 8an, 16:30etik 19:00etara, itxita egongo da Meagako errepidea.

Bi noranzkoetan moztuko dute errepidea, eta denbora tarte horretan autoek ezin izango dituzte bertatik joan-etorriak egin.

Egitaraua:

Abuztuak 1, ostirala

  • 21:00-00:00. Gau irekia Cristobal Balentziaga museoan: erakusketak gauez ikusteko aukera, Luke Armstrongek zuzeneko musikarekin girotuta (azken sarrera, 23:15ean). Taberna eta denda zerbitzua Sarrera doan edukiera bete arte.  Oharra: erakusketetarako sarrera 15 minutuko ordu-tarteetan irekiko da. Ordu-tarte guztietarako sarrerak leihatilan banatuko dira ekitaldiaren egun berean, 20:50etik aurrera, iritsitako ordenaren arabera.

Abuztuak 2, larunbata

  • 11:00. Haurren binakako esku pilota txapelketako finala, frontoian: X. Elkano Saria.
  • 15:00-20:00. IV. Herri Ginkana.

Abuztuak 3, igandea

  • 17:30. Eskuz binakako Gizonezkoen XXVII. Salbatore Pilota Txapelketako finala, frontoian.

Abuztuak 5, asteartea, Haurren eta Gazteen Eguna

  • 10:00. Gaztetxoen arteko I. Izozki Tailerra, frontoian. Uztailaren 29a izango da izena emateko azken eguna.
  • 11:00. Paella lehiaketaren hasiera, txosnagunean.
  • 11:30. Haurren txupinazoa, udaletxeko balkoitik.
  • Jarraian, Getariako buruhandiak eta Zarauzko erraldoi txikiak, Gazte Alaiak txistulariekin.
  • 12:00. Joselontxo's txaranga.
  • 12:00. Txupinazoa eta txosnagunearen irekiera, herriko bertsolariekin.
  • 14:30. Gazteen herri bazkaria, Harritarten.
  • Bazkalostean, Gazte Egunaren 10. urteurreneko argazkia.
  • Jarraian, txosnagunetik abiatuta, kuadrillen arteko jolasak kalez kale, Heriotzaren karrotxarangak lagunduta.
  • Tartean, IV. Kaña Karrera, Artzapen.
  • 15:30-19:30. Ha(ur) parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:30. Elektrotxufla elektrotxaranga, Katrapunatik abiatuta.
  • 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Debrass Band, Bad Sound System, Eztanda.
  • 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Laket erromeria, plazan.
  • 00:00. Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
  • Jarraian, Laket erromeria, plazan.

Abuztuak 6, asteazkena, Salbatore Deunaren Eguna

  • 07:00. Gaupaseroen argazkia, Malkorben. 
  • 09:30. Getariako Musika Bandaren diana.
  • 11:00. Meza nagusia, Getariako Abesbatzarekin.
  • 12:30. Alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
  • 18:00. Guztiok, Plazara! Pontx Pailazoaren ikuskizuna, plazan.
  • 18:30. Eskuz binakako emakumezkoen VII. Salbatore Pilota Txapelketa, finalak, frontoian, Gure Txeruk antolatuta.
  • 19:30. Broken Brothers Brass Band, kalez kale.
  • 23:00. Getariako konpartsa moilatik hasita: Brasilgo inauteriak!
  • Ondoren, txosnagunean musika.

Abuztuak 7, osteguna, Salbatore bigarrena

  • 09:30. Gazte Alaiak txistularien diana.
  • 11:00. XI. Patata Tortilla Lehiaketa (14-18 urte). Izena emateko azken eguna uztailaren 29a izango da.
  • 12:00. Eusko Label hegaluzea parrilan sagardoa eta garagardoarekin dastatzeko aukera, trikitilari eta Enbilen Pepitak pandero joleen laguntzarekin.
  • 13:00. Patata Tortilla Lehiaketako epaimahaia eta sari banaketa.
  • 13:00. Txikiteo animatua, kalez kale.
  • 17:00. Gure Txeru haur danborrada. Ibilbidea: Balenciaga-Herrerieta-Elkano-Artzape-Txeru aurrea-Plaza.
  • 19:00. Getariako buruhandiak eta Pasaiko erraldoiak kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 20:00. Elektrotxorongo elektrotxaranga, Katrapunatik abiatuta.
  • 22:00. Kontzertuak, frontoian: GZR, Chuleria Joder eta Leihotikan.
  • Jarraian, DJ Proyecto X getariarrak, txosnetan.

Abuztuak 8, ostirala, Salbatore hirugarrena

  • Goizean goiz hasita: Eusko Labeldun txahala erretzen hastea, plazan. Arratsaldean pintxoak jan ahal izango dira.
  • 10:00. Bizi Jolas, euskal jolasak eta tailerrak, frontoian eta plazan.
  • 12:30. Bertso saioa, Harritarten. Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Igor Elortza eta Jon Maia. Maite Berriozabal gai-jartzaile lanetan.
  • 13:30. Goitibeheren erakustaldia, plazan.
  • 17:00. XVI. Goitibehera Jaitsiera.
  • Jarraian, amaitzean, goitibeheren sari banaketa, Merkeko plazan.
  • 18:00. Eusko Label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, plazan.
  • 19:00. Los Tenampas mariatxien kontzertua, frontoian.
  • 21:00. Herri afaria, txosnagunean, Euskal Parrillaren eskutik.
  • Jarraian, mozorro gaua eta mojitoen gaua. Gaia: euskal pertsonaia famatuak.
  • Afariaren ostean, Itzal erromeria, txosnagunean.
  • 22:00. Disko Arima, plazan.

Abuztuak 9, larunbata, Kuadrillen Eguna

  • 10:00. Kuadrillen arteko XXVII. Marmitako Lehiaketa.
  • 12:00. Kaiña-Bi trikitilariak, kalez kale.
  • 13:30. Marmitako lehiaketako irabazleen aukeratzea, Berdura plazan.
  • 14:30. Herri bazkaria, Harritarten.
  • Bazkalostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
  • 17:00. Ur jolasak, moilan: Kukaña, Slickline eta Waterline.
  • 17:30. Marmitako lehiaketako sari banaketa.
  • 19:30. Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
  • 21:00. DJ Davila ibiltaria, kalez kale.
  • 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Luhartz taldearekin erromeria, plazan.
  • 00:00. Ikurrinaren jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
  • Ondoren, Luhartz plazan.
  • 00:30. DJ Joseba, txosnetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide