Getarian kokatuta dagoen San Anton mendia, askok Getariako arratoia bezala ezagutzen dutena, ez da paisaia idiliko bat soilik. Bertan, edertasun naturala egoteaz gain, ikaragarrizko biodibertsitatea dago. Halaxe azaldu du Joxepo Teresek, Arkamurka natura elkarteko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideak. "San Anton mendia denok ezagutzen dugu, Getariako arratoia ere deitzen diote batzuek... Bere kokapenagatik esango genuke leku zoragarria dela, eta paisaiarekiko ere ez dago zer esanik".
Hari eta beste ikertzaile batzuei esker du jendeak lekuaren berri, eta, egun, eremua ezagun bihurtu da. Bertako bizidunen aniztasuna handia den arren, horiek kaltetu eta mehatxatzen dituzten hainbat faktore ere badaude. Haien berri ere eman du ikerlariak, San Anton mendian bertan: "Hemen espezie inbaditzaile kopurua oso handia da, eta hori izango litzateke, agian, San Anton mendiak daukan arazo nagusienetako bat".
Aniztasun handia
Duela bost urte hasi ziren San Anton mendia ikertzen, eta bisitak egiten joan ahala, bertan gauza aberats asko zeudela jabetu zirela dio Teresek: "Bisita bat baino gehiago egitean konturatu ginen aniztasun handia zegoela, ez bakarrik likenen taldean, baita beste onddo mota batzuen kasuan ere, eta horrek animatu gintuen gehiago etortzera. Hona bueltaka, onddoak bakarrik ez genituen ikusi: landareak, hegaztiak... ere aurkitu genituen, eta horrek bultzatu gintuen ikerketa sakon bat egitera".
Ikerlariak dio San Anton mendia Zumaian dauden flyschekin erabat lotuta dagoela, Getariakoa hareharriz osatutako mendia baita. Teresen arabera, horrek ematen dio, nolabait, daukan berezitasun hori. Horrez gain, landaretza nola garatzen den ere aipatu du: "Lehenik, kokapenari erreparatu behar zaio, gune oso hezea delako. Askotan egoten da hemen gazitasuna, eta kresala ere busti egiten da etengabe. Prezipitazioarekin eta urarekin, landaretza garatu egin da». Hala ere, nahiz eta biodibertsitatea egon, izaki inbaditzaileek bizidunen aniztasuna "asko baldintzatu" dute, adituaren esanetan.
Espezie inbaditzaileak
Aurkitu dituzten espezie motak mundu mailan ere garrantzi handikoak direla azaldu du ikerlariak, batez ere natura babestea helburutzat duen Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearentzat (NKNE), zerrenda gorriak argitaratzen baitituzte. "San Anton mendia mundu mailan dozena bat espezie ematen ari da", esan du.
Landareei dagokienez, bada bat Bizkaiko golkoan soilik garatzen dena, Armeria Euscadiensis, baina hori, zoritxarrez, zerrenda gorrian dagoela aipatu du Teresek: "Zerrenda gorrian jasota dago, eta haren egoera, zoritxarrez, nahiko kaskarra da, landare inbaditzaileak haren lekua hartzen ari baitira. Egoera kezkagarria da".
Beren proiektua aurrera eramateko, Getariako Udalarekin hitz egin zuten, eta ikerketa didaktikoki bultzatu nahi zutenez, eremu osoari balioa eman ziotela esan du Teresek. Horrez gain, horma didaktikoak jartzeko proposamena ere egin zuten: "Horma batek biodibertsitatearen berri emango du; besteak, bertan dagoen arazoaren inguruan hitz egingo du, eta espezie inbaditzaile garrantzitsuenak aterako dira bertan. Azkenak, berriz, Gaztetape hondartzaren inguruan marea egunetan azaltzen diren bizidunen inguruko informazioa emango du", azaldu du Teresek.
Gainera, mendian jarriko dituzten hormetako informazio laburra euskaraz idatzita egongo den arren, horiei ipiniko dizkieten QR kodeei esker bideo batzuk ikusteko aukera egongo da, "bertako bizidunak beste era batera ikusi ahal izateko" eta informazioa beste hizkuntza batzuetan lortzeko.
Orain, eskuratutako datu guztiak prozesatu eta antolatu egin behar dituzte, "zientifikoki datu esanguratsuak" baitira Getariako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin partekatzeko.
San Antongo biodibertsitatea
Onddoak
670 onddo mota topatu dituzte hemeretzi hektareatan, haietako asko labarretan. San Antongo espezie batzuk garrantzi handikoak dira mundu mailan, zerrenda gorrian azaltzen baitira mehatxatuta daudelako.
Landareak
Berrehun landare mota baino gehiago erregistratu dituzte, tartean landare bereziak.
Hegaztiak
Aurten, kaio hanka horietako 130 bikote baino gehiagok lortu dute kabia egitea, eta horietako bakoitzak bi txita inguru eman ditu.