Athleticek Ane Campos futbolari getariarra fitxatu du 2029ra arte

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 30a, 16:04

Ane Campos Jon Uriarte Athleticeko presidentearekin. (Athletic Club)

2019tik Eibar taldean jokatu du Camposek, eta talde zuri-gorriak gaur iragarri du aurrelari getariarraren fitxaketa. Datorren denboraldiari begira egin duen aurreneko fitxaketa da.

Ane Campos 26 urteko futbol jokalari getariarrak Athletic Club taldearen elastikoa jantziko du datorren denboraldian. Hala iragarri du gaur talde zuri-gorriak: 2029ra arte egin dio kontratua aurrelariari San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta kirol zuzendaria bertan zirela. Datorren denboraldiari begira klubak egin duen aurreneko fitxaketa izan da.

Camposek Eibarren jokatu du azken sei denboraldietan –tartean Lehenengo Mailara igotzea lortu zuen Eibarrek, eta horregatik omenaldia egin zion Getariako Udalak–, eta aurrez beste hainbat taldetan ibilia da: Zumaiako FT Klubean hezia da, eta Oiartzun KKEn bi denboraldi eman ostean, 2018an Realaren bigarren talden urtebete egin zuen, eta ondoren SD Eibarrera joan zen. Azken denboraldian ez du asko jokatu orkatileko lesio batengatik, baina Bizkaiko klubak adierazi du guztiz osatuta dagoela getariarra.

Campos pozik eta lanerako gogoz agertu da gaur, kontratua sinatu berritan, egin dituen adierazpenetan: "Oso pozik eta harro nago familia honetara batzeaz, klub honetako kide izateaz. Jokalariekin entrenatzen hasteko gogoa dut, erreferenteak dira txikia nintzenetik, eta haiekin egon ahal izatea ilusio handia da niretzat. Badakit Liga F-n urtez urte gauza asko lortu dituen klub handi batera natorrela, sekulakoa da. Daukadan guztia ematen saiatuko naiz, niretzat ametsa delako hemen jokatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide