Klub txiki, familia handi

Kris Fernandez 2025ko uzt. 3a, 10:06

Joxe Manuel Gorostiaga, Xabier Goikoetxea eta Joxe Manuel Etxabe.

Getariako arraun elkarteko kideak dira Joxe Manuel Etxabe, Joxe Manuel Gorostiaga eta Xabier Goikoetxea. Hirurak zuzendaritza taldean daude –Goikoetxea, gainera, lehendakaria da–, eta, horrez gain, orduak sartzen dituzte klubaren bueltan egin beharreko hamaika lan gauzatzen. Arraun gehigarri bereziko edukia da honako hau.

"Herri txiki, infernu handi" esaera ezaguna bihurtu da azken urteetan, baina Getariako arraun elkartean ez dute bat egiten esaldi horrekin. Izan ere, klub txikia izanik, familia handia sortu dute. Hori bai, boluntariotza lana dute oinarri nagusia, eta boluntario horien lanik gabe, Getariako elkarteak ezingo luke gaur egun duen ibilbidea jarraitu.

Talde baten atzean dagoen lan guztia ezezaguna eta ikusezina izaten da gehienetan. Oro har, herritarrek ez dute ezagutzen arraunaren bueltan egunero zer-nolako lana egiten den. Getariako arraun elkarteak, baina, zorte handia du, zereginak errazten dizkion taldetxo bat duelako ondoan: ordu asko igarotzen ditu askotariko lanak egiten. Talde horretako kideak dira Joxe Manuel Etxabe, Joxe Manuel Gorostiaga eta Xabier Goikoetxea. Hirurak zuzendaritza taldean daude –Goikoetxea, gainera, lehendakaria da–, eta, horrez gain, orduak sartzen dituzte klubaren bueltan egin beharreko hamaika lan gauzatzen. "Klub hau familia bat da, bertako jendearena da, eta bide hori lantzen saiatzen gara. Izan ere, gehiengoa ez balitz herrikoa izango, ez ginatekeen hemen egongo. Herri eta klub txikia izanik, bertakoei aukera emateko gaude", agertu du Gorostiagak.

Egia da gero eta zailagoa dutela bidea; hala nabarmendu du Goikoetxeak: "Kirol ugari daude: futbola, pilota, eskubaloia... Eta arrauna, berriz, gogorra da, sakrifikatua. Umeak animatzea errazagoa da, etorri eta lagunartean kirola egiten dutelako, baina zenbat eta zaharragoak izan, are gehiago kostatzen zaie arraunean jarraitzea".

Horregatik jarri dute arreta umeekin egin beharreko lanean: "Horiek dira gakoa. Etxean ikusitakoa jarraitzen dute, eta inguruan zenbat eta arraunlari edo arraunzale gehiago izan, hobe. Eta inguruko horiek getariarrak badira, are hobeto", esan du Etxabek. Eta hori da, hain zuzen ere, herriarentzat lana egitea boluntarioen ustez.

Joxe Manuel Gorostiaga

"Lan desberdin ugari egin behar izaten ditugu Getariako arraun elkartean, baina, adibidez, hasiberriei dena irakatsi behar zaie. 12 urterekin hasten dira normalean, eta ez dute ezer jakiten arraunaz, entzun dutena bakarrik"

                               

 

Joxe Manuel Etxabe

"Niretzat Getariako arraun elkartea dena da; lehendabizi taldeko arraunlari izan nintzen, eta ordutik, klubean jarraitzen dut. Postu desberdinetatik igaro naiz urteotan, eta askotariko lanak egin ditut. Sartu nintzen elkartean, eta ez dakit noiz aterako naizen"

                             

Xabier Goikoetxea

"Azken hiru urteetan oso ondo aritu gara: Kontxara iritsi gara. Aurten, ordea, aldaketa asko izan ditugu taldean, zortzi guztira, baina ilusioz gainezka gaude denboraldirako, garbi izanda zein den gure helburua: mailari eustea"

         

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide