400 lagunek eman dute izena larunbatean jokatuko duten Getariako Triatloian

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 21a, 11:28

Getariako Triatloiko artxiboko irudia.

Kirolariek 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan eta azken 5 kilometroak korrika. 16:00etan ekingo diote kirol jarduerari. Izen ematea pasa den igandean itxi zuten. Eskualdeko trafikoan eragina izango du probak. 

Getariako Triatloiaren bederatzigarren edizioa jokatuko dute larunbat arratsaldean kostaldeko herrian. Arratsaldez jokatuko dute proba, 16:00etan hasita, eta esprint modalitatekoa izango da. Hau da, proban parte hartuko duten triatletek 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan eta azken 5 kilometroak korrika. Portuko aparkalekua egokituko dute kirolarientzako box gisa.

Igeriketa probarekin hasiko dute kirol saioa. Malkorbe hondartzan ekingo diote saioari, eta hareatza parean jarriko dituzten bi buia inguratu eta gero, hondartzara bueltatuko dira behin 750 metroko lana egin eta gero. 

Boxetara joan, bizikletetara igo, eta txirrindularitza saioa hasiko dute parte hartzaileek. 20 kilometroko bidea izango dute aurretik. Getariatik aterata, Meagarako bidea hartuko dute Eitzagatik. Muniosoron, Oikiarantz egingo dute, eta Zumaia igarota, kostako errepidean barrena Getariara itzuliko dira, Portua kaletik moilan jarritako boxetara bueltatzeko. 

Behin korrikarako oinetakoak jantzi ondoren, korrika saioari ekingo diote. Getariako Triatloiko azken zati honetan, bost kilometroko ibilbidea egingo dute kirolariek Getariako kaleetan zehar. Horretarako, bi buelta emango dizkiote Getariako alde zaharra eta portua inguratuko dituen zirkuituari, herriko plaza parean kokatuko duten helmuga puntura heltzeko. 

Pasa den igande gauerdian itxi zuten Getaitri Triatloi Klubak antolatutako kirol jarduera horretarako izen ematea. 400 lagun bertaratuko dira larunbatean Getariara triatloiaren bederatzigarren edizioa jokatzera. Horrekin batera, zozketak eta parrilla janak izango dira arratsaldean zehar. 

Trafikoan eragina

Kirol probak eragina izango du larunbat arratsaldean eskualdeko errepidetan. Hala, kostako errepidea itxita egongo da bi noranzkoetan 16:00etatik 17:45era bitartean. Ordu horretan zabalduko dute, baina arretaz gidatzea eskatu dute. Getaria eta Zarautz arteko bidea zabalik izango da, eta Getariatik Zumaiara joan beharko dutenek autobidea erabili beharko dute, Zarautzera joanda. Zarautz eta Zumaia artean, berriz, AP-8 autobidea erabiltzea gomendatu dute.

Getariatik Meagara eta handik Zumaiara arteko bidea ere itxi egingo dute arratsaldez. Getariatik Meagarakoa 16:00etatik 17:45era izango da itxita; Meagatik Zumaiara bitartekoa, berriz, 16:15etik 17:30era. Meagatik Zarautzerako bidea, berriz bi noranzkoetan izango da irekita. 

Lurraldebuseko autobusek, berriz, ez dute zerbitzurik eskainiko probak iraungo duen denboran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide