Festa giroan ekin zioten atzo Getarian aurtengo Euskaraldiari. 19:00etan zen hitzordua herriko plazan, eta jende mordoxka gerturatu zen ahobizi edo belarripres txapa paparrean jartzera. Izan zen izena orduantxe eman zuenik ere.
Libe Goenaga bertsolari getariarrak bertso dotorea eskaini zuen ekitaldia hasteko, eta txupinazoaren ondoren, aurtengo kanta jarri, eta koreografia dantzatzera animatu ziren herriko txikienak. Photocall dibertigarria ere paratu zuten plazan, Edurne Irigoien herritarrak zurezko euskarrian egindakoa, eta batek baino gehiagok atera zuen argazkia han.
Festarekin batera, ordea, erronka ere jarri zuten atzokoan Euskaraldiaren Getariako batzordekoek: 2022ko izen-emate kopurura heltzea egun hauetan. Ordukoan 464 herritarren zerrenda osatu zuten, eta aurten, momentuz 401 herritarrek eman du izena.