Graka kolektiboak Graka Festa prestatu du ostegun iluntzerako. Jaiegunak direla aprobetxatuta, Berdura Plazan bost talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 20:00etan hasiko dira gitarra doinuak, eta sarrera ordaindu beharko da, 10 euro.
Etxeko taldeak nahiz urrunagotik etorriak igoko dira oholtzara. Esaterako, herriko ordezkariak izango dira Bellum, Flash eta Onlifly. Honela aurkeztu dute antolatzaileek Bellum talde gaztea: "Getaria aldeko belaunaldi berriko talde honek, apirila bukaeran argia ikusiko duen lana frexko-frexko ekarriko du. Weird punk eta powerpop-etik edaten duen talde berria da, gaur egungo Prison affair eta The Jam taldeen aurpegi makarrenak uztartzen ditu, ukitu fresko eta baziloiarekin".
Onlifly, berriz, Getariako "aurreneko melodicore taldea" dela esan dute: "Hitz horrek biltzen dituen ezaugarri denak betetzen dituzte. Penintsulako Accidentek nahiz Bad Religion internazionalek bezala, distorsioa eta melodia koreablearen oreka bilatzen dute. Hala ere, punkaren oldarkortasuna ez dute galtzen beren letra zuzenetan".
Flash musika taldeaz, antolatzaileek azpimarratu dute "eskola zaharreko hardcore-punk masterclassa" eskainiko duela talde euskaldunak –zumaiarrak eta getariarrak daude taldekideen artean–. "Rockanrol azeleratuaren bizitasunean, doinu itsaskor eta hitz zorrotzarekin gure buruak taladratuko ditu boskote gerrero honek".
Alvilda taldea Frantziatik datorren neska laukotea da. "Powerpop doinu edulkoratuak, ahotz goxoak eta erritmo bizia nahastuz, dantzan jarriko ditu entzuleak".
Herrialde Katalanetako talde batek ere bisitatuko du Getaria ostegunean: Disciplina Militar taldeak, hain zuzen. "Hain beraiena duten punk soinu hori ekarriko dute Graka Festara. Gitarra agudoak puskatze ertzean, melodia ilunak eta ezaguna egiten zaigun ahots erdi melodiko bat, batzuetan Futuro terror edo La URSS klasikoak burura ekarrerazten diguten momentuekin. Erdi-tenpoko punka, dantza pixka bat egiteko perfektoa".